ZAMAKETAREN LIBERALIZAZIOA

EBko Justizia Auzitegiak hiru milioi euroko isuna jarri dio Espainiari zamaketarien auziagatik

Europako Batzordeak 24 milioi euroko isuna eskatzen zuen.

Bilboko portua. MONIKA DEL VALLE, ARGAZKI PRESS
2017ko uztailaren 13a
18:22
Entzun

Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak hiru milioi euroko isuna jarri dio Espainiari zamaketaren sektorea liberalizatzeko erreforma atzeratzeagatik. Auzitegiak adierazi duenez, Espainiari egotzitako atzerapena "larria" da, 29 hilabete pasatu baitziren Europako Batasunak 2014an sektorea liberalizatzeko lehen epaia egin zuenetik 2017ko maiatzean Espainiako Gobernuak erreforma tramitatu zuen arte. Berez, 2015eko irailera arte zen sektorea liberalizatzeko epea.

Erreforma horrek gatazkak ekarri zituen bai Euskal Herriko eta bai Espainiako portuetan, zamaketariek greba egin baitzuten ekainean. Euskal Herrian, 600 bat langilek egin zituzten lanuzteak Bilboko eta Pasaiako portuetan. Ekainaren 29an, baina, greba bertan behera utzi zuten, sindikatuek eta patronalak akordioa lortu zutelako. Negozioazio horietan adostu zuten SAGEP elkarteetan batutako langileen enplegua subrogatzea.

2014an, EBko Justizia Auzitegiak Espainiaren kontrako errekurtso bat jarri zuen abian, ordu hartan portuetan zamaketariak kontratatzeko indarrean zegoen sistema EBren lehia librearen aldeko arauen aurkakoa zelako. Aurtengo maiatzera arte, Bilboko, Pasaiako eta Espainiako portuetako zamaketa lanak SAGEP izeneko enpresen bitartez egiten zituzten. Itsasontziak kargatu eta deskargatu nahi zituzten enpresek SAGEPeko langileak kontratatu behar zituzten. EBko auzitegiak zioenez, sistema hori lehia librearen aurkakoa zen, eta portuetako bezeroek nahi dituzten zamaketa enpresak kontratatzeko askatasuna izan beharko lukete.

Gaur jarritako isuna 2014an egindako epai hori ez betetzeagatik Europako Batzordeak Espainiari jarri zion errekurtso bati emandako erantzuna da. Errekurtso hartan, Bruselak eguneko 27.522 euroko isuna jartzea proposatu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.