Espero bezala, Ezker Batuak (EB) BBK-k eta Kutxak bat egitearen alde bozkatuko du gaur bi kutxen batzar nagusietan. EBk abstenitu egingo zela iragarri zuen, baina EAJrekin negoziatu ostean jarrera aldatu egin du. EBren esanetan, EAJk bermatu dio «gizarteko aniztasun politikoak» isla izango duela kutxa berriaren administrazio kontseiluan. Alegia, ziurrenik EBk ordezkari bat izango duela bertan.
Bi kutxetako zuzendaritzek hitzartuak dituzte biek bat egin ostean sortuko litzatekeen kutxa berriaren xehetasunak, baina horretarako bi erakundeen batzarrek beren onespena eman behar diote bat egiteari. EBren baiezkoaren ostean, Kutxaren batzarreko boto bakarraren esku dago bat-egitea. BBKren batzarrean ziurtatuta dago bat egitearen aldeko erabakia. Kutxarenean ez.
Berez, bi hereneko gehiengoa behar da bat egitea onartzeko. Alegia, gaurko ez ohiko batzarrera Kutxako ehun ordezkariak joanez gero, 67 boto. Hala ere, oraingoz 66 dira aldekoak. Bat egitearen kontra azaldu dira PSE (18 ordezkari), ezker abertzalea (12 ordezkari), PP (hiru ordezkari) eta ELA (ordezkari bat).
Ezkutuko bozketa
Bozketa ezkutukoa izango da, eta ez da jakingo bakoitzak zer bozkatuko duen. PSE-EEk eskatu zuen ezkutuko bozketa, eta Jose Antonio Pastor PSE-EEko Bizkaiko idazkari nagusiak atzo ez zituen ezustekoak baztertu: «Sistema horrek [ezkutuko bozketak] sorpresaren bat eragin dezake».
PPk garbi dauka zein izango den biharko ezustekoa: PSE-EEren aldeko botoa, ezkutuko bozketa baliatuz. Borja Semper PPko Gipuzkoako idazkari nagusiaren arabera, EAJk eta PSE-EEk «ezkutuko hitzarmen bat» lortu dute bat-egitearen alde: «Jendaurrean gauza bat esaten dute, baina benetan ez dakigu ezkutuan zer egiten duten. Horretarako eskatu dute ezkutuko bozketa, beren benetako nahiak ezkutatzeko».
BBKren batzarra 17:30ean hasiko da, Sondikan duen Ola egoitzan; Kutxarena, berriz, 18:00etan, Andia kalean duen batzar aretoan. Ezker abertzaleak elkarretaratzeak antolatu ditu.
EBren baiezkoak boto bakar baten esku utzi du kutxen bat-egitea
Ezkutuko bozketak ezustekoak eragin ditzakeela esan du PSE-EEko Jose Antonio Pastorrek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu