Europako Batasunaren eta eurogunearen suspertze ekonomikoak geldialdia izan du urteko bigarren hiruhilekoan. Eurostat estatistika bulegoak emandako datuen arabera, bigarren hiruhilekoan BPGa %0,2 hazi da bi eremuetan.
Urteko lehen hiruhilekoan Europako Batasuneko eta euroguneko herrialdeetako ekonomia %0,8 hazi zen. Apirilaren eta ekainaren artean erritmoa moteldu egin zen, oro har, eta euroaren ekonomia garrantzitsuetan, bereziki. Ekonomia horietako batzuk ez ziren batere hazi, Frantzia adibidez, edo bestela oso modu apalean egin zuten gora, Alemaniak (%0,1), Italiak (%0,3) eta Espainiak (%0,2) besteak beste. Alemaniako ekonomiaren kasua, Europako indartsuena izanik, oso harrigarria da, aurreikuspenen arabera gutxienez %0,5eko igoera izan behar baitzuen.
Urteko lehen hiruhilekoan Alemaniak eta Frantziak lortutako datu onek —%1,3 eta %0,9ko igoera, hurrenez hurren— hazkundeari bultzada eman zioten, baina susperraldiak ez du jarraipenik izan azken hilabeteetan.
Bigarren hiruhilekoko daturik onenak hauek izan dira: Letonia (%2,2), Estonia (%1,8), Finlandia (%1,2) eta Suedia (%1). EBko garrantzizko beste zenbait ekonomia, Erresuma Batua eta Herbehereak kasu, hazi egin ziren, baina oso modu apalean —%0,2 eta %0,1, hurrenez hurren—. Aldiz, Frantzia bezala, Portugal eta Hungaria gelditu egin dira. Irlandaren eta Greziaren daturik ez dago oraindik.
Urteko tasari dagokionez, EBn eta eurogunean %2,5 hazi zen lehen hiruhilekoan, eta %1,7 bigarrenean.