Europako funtsak

EBren zorpetzeari baiezkoa eman diote 27 kideek

Next Generation funtsaren zati bat modu horretan finantzatuko da. Bruselaren asmoa da herrialdeentzako lehen ordainketak uztailean egitea. Nekazaritza Politika Bateratuari buruzko akordioa atzeratu dute.

Johannes Hahn EBren Aurrekontu komisarioa. JOHN THYS (EFE)
jokin sagarzazu
2021eko maiatzaren 28a
13:09
Entzun

Europako Batasunak Next Generation EU funtsa finantzatzeko azken urratsa egin du, Austriako eta Poloniako parlamentuek zorpetze plana berretsi ondoren –bi herrialde horien babesa baino ez zen falta–. Horri esker, Bruselak merkatuetara jo dezake 800.000 milioi euro lortzeko Next Generation-en parte bat finantzatzeko. Erabakiak bidea erraztu du ekonomiaren susperraldirako funtsa berehala abian jartzeko, zorraren lehen jaulkipenak ekainean eginda, aurreikusitakoa baino lehen.

Hala iragarri du Johannes Hahn Aurrekontu komisarioak. «Maiatzean geratzen diren urratsak amaitu ahal izatea espero dut, eta, horri esker, susperraldi funtsa martxan jarri ahal izango genuke, eta ekainean kapital merkatuetan emisioak hasi», esan du Twitter sare sozialean.

Hahnek aipatzen dituen izapideak gainditu ondoren, Batasunak plan finantzaketaren parte bat eskuratu ahal izango du bonuak jaulkita –bestea estatuek jarriko dute–, eta, gero, baliabide horiek gobernuei transferituko dizkie, mailegu gisa.

Bruselaren asmoa da herrialdeentzako lehen ordainketak uztailean egitea, eta gainerakoak sei hilean behin egingo lirateke, mugarri eta xede jakin batzuk bete ondoren. Funtsak jasotzeko, estatuek erreforma eta inbertsio planak bidali dizkiete Bruselako agintariei, eta Europar Batzordeak eta estatu kideen oniritzia jaso behar dute oraindik. Gutxienez hiru hilabete dituzte horretarako, baina Bruselak epea murriztu nahi du.

Estatu kide guztien babesarekin, Next Generation plana abian jartzeko mugarri bat gainditu da. Bidea, dena den, ez da arraza izan. Alemaniako Auzitegi Konstituzionalak Berlinen sinadura eteteko agindua eman zuen, plana finantzatzeko moduaren legezkotasuna egiaztatu arte, eta Finlandiako, Poloniako, Herbeheretako, Austriako eta Hungariako parlamentuek ere agertu dituzte zalantzak.

Nekazaritza politikan, akordiorik ez

Europako Batasuneko gobernuak eta Europako Parlamentua ez dira ados jarri Nekazaritza Politika Bateratuaren erreformari buruz, lau eguneko elkarrizketen ostean. Nekazaritza ekologikoaren planetara bideratu beharko den dirua izaten ari da traba nagusia. Ekainean saiatuko dira berriro.

2023tik 2027ra indarrean izango den Nekazaritza Politika Bateratuari buruzko akordioa ixteko azken proposamen bat egin zuen ostegunean Europar Batzordeak: nekazaritza ekologikorako laguntzak beste %5 handitzea eskaini zuen; aurreko lau urteko planean baino %25 handiagoa izango litzateke kopuru hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.