Tricheten itxaropenak itxaropen, EBZk aurreko astean bertan nabarmen okertu zituen iazko abenduan egindako aurreikuspenak. Espero du euroguneko herrialdeetako barne produktu gordinak (BPG) %2,2 eta 3,2 artean egingo duela atzera aurten. Iazko abenduan %0,0 eta %0,5 arteko portzentajeak aipatu zituen. 2010erako baikorragoa da, -%0,7 eta %0,7 arteko hazkundeak espero baititu. Europako Batasuneko ekonomia ministroek, ordea, zalantzan jarri dute 2010eko hazkundea.
Datozen hilabeteetarako aurreikuspen txarrak ikusita, litekeena da EBZk are gehiago jaistea diruaren prezioa. Martxoaren hasieran %2tik %1,5era jaitsi zuen, inoiz baino beherago. Orduan Trichetek esan zuen gehiago jaitsiko zuela behar izanez gero. Atzo gehitu zuen oraindik ez dutela erabaki ea indarrean dauden interes tasak egon daitezkeen apalenak diren edo ez. EBZk 2,75 puntuan jaitsi ditu interes tasak iazko urritik.
Diruaren prezioa jaistea neurri eraginkorra izan dela nabarmendu EBZk, «badirudielako» interes tasen jaitsiera gero eta gehiago eragiten ari dela finantza erakundeen maileguen tasetan.
Hala ere, Europako Banku Zentralak arriskuak eta mamuak ere ikusten ditu. Arriskua, finantza merkatuetako zurrunbiloek ekonomia errealean espero baino ondorio makurragoak izatea. Mamua, munduko erakunde guztiek behin eta berriro aipatzen dutena: protekzionismoa. EBZk gobernuei esan die funtsezkoa dela merkatu irekia errespetatzea eta konpetentzia distortsionatzen duten neurriak saihestea.
Krisiaren tunelean bada argi izpirik EBZrentzat: inflazioa. Espero du inflazio tasak %2 baino nabarmen apalagoak izango direla, bai aurten (%0,1-0,7 artekoa), bai 2009an (%0,6-1,4 artekoa).
Planak ez, arauak
Gobernuek plan garestiak onartu dituzte ekonomia suspertzeko, eta asko zorpetu dira. Europako Batzordeak prozedura abiatu du zenbait herrialderen kontra, gehiegizko defizita konpon dezaten. EBZk prozedura horiek babestu ditu.
Hala ere, bada plan gehiago nahi duenik. Barack Obama AEBetako presidenteak neurri indartsuagoak eskatu dizkie munduko gobernuei, Europakoei batez ere, AEBetan hartutakoen parekoak. Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak eta Nicolas Sarkozy Frantziakoak erantzun diote. Krisiari aurre egiteko Europak AEBek baino ahalegin handiagoa egin dutela esan dio Durao Barrosok. Kontua ez dela dirua gastatzea, araudi eraginkor bat ezartzea baizik, Sarkozyk.
############
Lan astea murrizteko aukera aztertuko dute maiatzaren 7an Pragan
Europako zenbait herrialdetan lan astea murrizten ari dira krisiari aurre egiteko, Herbehereetan eta Alemanian, esaterako. Neurri hori orokortzeko aukera aztertuko dute Europako Batzordeak, Europako Batasuneko gobernuek eta EBko sindikatuek eta enpresaburuek, maiatzaren 7an Pragan.Neurri horren alde daude Europako Batzordeaeta BusinessEurope enpresarien elkartea. Zuhurragoa da Europako Sindikatuen Konfederazioa (CES). Hiru erakundeetako ordezkariak atzo bildu ziren, Bruselan. John Monks CESeko idazkari nagusiak esan zien horrelako neurriak langileen erosteko ahalmena jaitsi dezaketela, eta gaur egun jaitsiera hori ezin dela osatu langabezia sariekin. «Guztiek ezin dituzte beren lanegunak eta soldatak murriztu», esan zien. BusinessEurope neurriaren alde dago, betiere eraginkortasunari eusten bazaio eta lan merkatuan kalterik ez bada.
############
############