EBZk gaur erabakiko du berriro zorra erosi edo ez

Draghik esan zuen «beharrezko guztia» egiteko prest dagoela, baina Alemania zorra erostearen kontra dago

Erredakzioa
Donostia
2012ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Guztiak Mario Draghiri begira daude. Europako Banku Zentraleko (EBZ) presidenteak gaur argitu beharko du zer esan nahi zuen uztailaren amaieran EBZk euroari eusteko beharrezko guztia egingo duela aipatu zuenean, erakundeak gaur egingo baitu hileroko bilera Frankfurten. Merkatuek ulertu zuten EBZ Espainiaren eta Italiaren zorra erosten hasiko dela zorraren bigarren mailako merkatuetan. Espainiaren eta Italiaren egoera hobetu egin zen zor merkatuetan.

Zehazki, Draghik uztailaren amaieran zera esan zuen: «Gure agintearen barruan, EBZ prest dago beharrezko guztia egiteko euroari eusteko. Eta, sinets iezadazue, nahikoa izango da». EBZk Espainiaren eta Italiaren zorra erosiz gero, ez litzateke lehen aldia izango, baina bost hilabete daramatza egin gabe.

Zaila izango da EBZk herrialdeen zorra erostea, horretarako Alemaniari aurre egin beharko baitio. Alemaniako ordezkariek atzo bertan aurre egin zioten herrialdeen zorra erosteko bi aukerari: alde batetik, EBZk zuzenean erostea; bestetik, ESM erreskate funts iraunkorrari banku lizentzia ematea eta ESMk zorra erostea, behar izanez gero EBZk utzitako diruarekin.

Aparteko formularik ez

Alemaniak balizko erabakiaren kontra presio egiten jarraitu zuen atzo. Philipp Roesler kantzilerorde eta Ekonomia ministroak baztertu egin zuen ESMri banku lizentzia ematea: «Ez dugu nahi Inflazioaren Batasuna, Egonkortasunaren Batasuna baizik, zerga itunean eta ESMan oinarritua». Roeslerrek «gainerako formula guztiak» baztertu zituen.

Jens Weidmann Alemaniako Banku Zentraleko presidenteak ere bai. Erakundeak atzo jarri zuen bere webgunean Weidmanni ekainaren amaieran egindako elkarrizketa bat, EBZren bileraren bezperan. Weidmannek dio EBZk ez dituela dagozkion eskumenak gainditu behar, hau da, inflazioa kontrolatzen jarraitu behar duela. EBZren barruan Alemaniari aurre egin nahi dietenei gogoratu die Alemaniako Banku Zentrala dela «euroguneko banku zentral handiena eta garrantzitsuena».

Draghik behin eta berriro esan izan du EBZk herrialdeei laguntzeko neurriak hartu aurretik herrialde horiek —Espainiak eta Italiak batez ere— defizitari eusteko konpromisoak hartu eta gastu murrizketak onartu behar dituztela. Onartu dituzte, baina arrisku sariak eta hamar urterako zor bonuen interesek goia jo dute.

Bloomberg agentziaren arabera, Wolfgang Schaueble Alemaniako Finantza ministroak iragan astean baldintza bat jarri zion Luis de Guindos Espainiako Ekonomia ministroari EBZk Espainiaren zor bonuak erosteko: murrizketa gehiago egitea hezkuntzan eta osasun zerbitzuetan.

Gaurko bileran EBZk interes tasak bere horretan uztea espero da, uztailaren hasierako bileran jaitsi baitzituen, %1etik %0,75era.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.