EBZk neurri berriak hartu ditu gaur epe ertainean inflazioa %2ren azpitik baina gertu izateko helburuarekin. Zor publikoa eta pribatua erosteko martxan dagoen QE quantitative easing programa gutxienez 2017ko martxora arte luzatzea erabaki du Mario Draghik gidatutako bankuak. “Epe bat eta baldintza bat jarri ditugu, 2017ko martxoan ikusten badugu helburua ez dugula bete, programarekin jarraituko dugu helburua bete arte”. Diruaren interes tipoari bere horretan euts dio, %0,05ean; minimo historikoan dago 2014ko irailaz geroztik.
Hilabetean 60.000 milioi erabiltzen ditu EBZk zorra erosteko, eta hasiera batean 2016ko irailera arte zen QE programa, beraz, beste 360.000 milioi erabiliko ditu 2017ko martxora arte. Gainera, Draghik iragarri du aurrerantzean QE programan iraungitako bonoetan berriz inbertituko duela EBZk, hortaz, programan guztira inbertituko duen dirua hiru bilioi eurotik gorakoa izango da.
Qerekin EBZk zor publikoa erosten die estatuei zein bestalako estatuz gaindiko erakundeei, eta zor pribatua ere erosten du. Aurrerantzean EBZk zor publikoa erosiko die erakunde publiko txikiagoei ere, udalei edo autonomiei esaterako.
Bestalde, bankuek dirua EBZko gordailuetan izatearen truke %0,30eko interesa ordaindu beharko dute, orain arte baino oinarrizko hamar puntu gehiago. Horrela, bankuak zigortu nahi ditu dirua gordailuetan izatearren, eta bultzatu nahi ditu diru hori kredituen bidez ekonomia errealera bideratzera.
Merkatuek beherakadekin erantzun diote Draghiren prentsaurrekoari. Pizgarri handiagoak espero zituzten merkatuek, gordailuen interesen zigorra %0,30ekoa baino handiagoa izatea eta QE programak hilabetean 75.000 milioi inbertitzea 60.000 mlioi euro beharrean. Eurogunean zenbaki berdeetan zeuden burtsak %2ko jaitsireak izan dituzte Draghiren prentsaurrekoa eta gero, eta euroak dolarrarekiko balioa irabazi du (euro bat, 1,085 dolarren truke).