Europako Banku Zentralak (EBZ) herrialdeen zorra erosiko du, baina bi baldintza bete beharko dituzte: batetik, erreskatea eskatu beharko diete EFSF behin-behineko erreskate funtsari edo ESM erreskate tresna iraunkorrari; bestetik, erreskateak ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, prebentziokoak edo makroekonomikoak . Beraz, Espainiak eta Italiak —gaur egun, neurria haientzat da batez ere— erreskatea eskatu beharko dute aurrena.
Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidenteak eta Mario Monti Italiako lehen ministroak onartu dute erreskatea eskatu aurretik EBZren baldintzak ezagutu nahi zituztela beren zorra erosi ahal izateko. Draghik mezu ezin zuzenagoa izan du Espainiarentzat: ”Espainiako Gobernuaren esku dago orain guk erakutsitako bidea hartu behar ote duen erabakitzea”. Raxoi Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin bildu da gaur, Madrilen.
Baldintzek "zorrotzak" izan behar dutela esan du Mario Draghi EBZko presidenteak. Herrialdeek baldintzak betetzen badituzte, EBZk herrialde horien zorra erosiko du; bestela, ez. Troikako ordezkariek erreskatea jaso duten herrialdeekin egiten dutena da. Argitzeko dagoena da ea Espainiak eta Italiak erreskatea eskatzen badute, ea lehendik ezarri dizkieten baldintzak betetzea nahikoa izango den edo baldintza gehigarriak ezarriko dizkieten.
Erreskatea eskatuz gero, erreskate tresnek herrialdeen zorra erosiko lukete zorraren lehen mailako merkatuan, hau da, herrialdeei zuzenean; EBZk, berriz, herrialdeen epe motzeko zorra erosiko luke zorraren bigarren mailako merkatuetan (urtebete eta hiru urte arteko zor bonuak). Neurri horren helburua Espainiaren eta Italiaren arrisku sariak jaistea da. Espainiak eta Italiak hilabeteak daramatzate arrisku sari eutsiezinekin. Draghik esan du helburua moneta politikari buruzko erabakiak ekonomia errealera iristea dela. Finantza erakundeek maileguak ematea, besteak beste.
Erabakia ez dute aho batez hartu. EBZko Gobernu Kontseiluko ordezkari batek kontra bozkatu du. Bileraren aurretik emandako iritzien arabera, Alemaniako ordezkaria izan daiteke. Zor erosketek ez dute diru mugarik izango. Horrek esan nahi du EBZ prest dagoela beharrezko diru guztia gastatzeko? Mezu horrekin, neurri handi batean, merkatuei esan nahi die behar adina diru gastatuko duela. Beste kontu bat da zenbat gastatuko duen.
EBZk herrialdeen zorra erostea ez da berrikuntza. Lehen ere egin zuen, baina hilabeteak daramatza egin gabe.
Interes tasei bere horretan eutsi die, %0,75ean. Urrian gehiago jaits dezake.