Ekonomia

EBZk interes tasak %0,5etik jaisteko aukera iragarri du

Diruaren prezioa minimo historiko horretan mantentzeko erabakia hartu du gaur Europako Banku Zentralak, eta "epe luzean maila horretan edo beherago" egongo dela adierazi du Mario Draghik. 

Berria.info
2013ko uztailaren 4a
17:01
Entzun

Ezohiko mezua zabaldu du gaur EBZ Europako Banku Zentralak, eta, Mario Draghik aitortu duenez, lehen aldia da erakundeak mota horretako iragarpen bat egiten duena, etorkizuneko balizko jaitsiera bati buruzkoa. Izan ere, interes tasa %0,5ean —minimo historikoa— mantentzeko erabakia hartzearekin batera, EBZko kontseiluak aho batez onartu du jaitsiera posible hori jakinaraztea. "EBZk interes tasak egungo mailan mantentzea edota jaistea espero du, epe luzean". Bitan irakurri du esaldi bera EBZko presidenteak, zabaldu beharreko mezuaren garrantzia nabarmendu nahian. Bankuei ere gordailuak EBZn izateko eskatzen zaien interes tasak %0 izaten jarraituko du.

Draghiren iragarpenak berehalako erantzuna izan du Europako burtsetan, eta kotizazioak gora bidali ditu. EBZren mezua une garrantzitsu batean dator. Orain dela bi aste moneta politika gogortzen hasteko eguna ez dagoela urrun iradoki zuen Ben Bernanke AEBetako Erreserba Federaleko presidenteak. Diruaren prezioa garestitzeko aukera bolo-bolo ibili da azken egunotan. Besteak beste, horrelako interes tasa txikiei eustea "arriskutsua" dela uste du BIS Nazioarteko Ordainketa Bankuak, banku zentralen bankuak. Espekulazio oro uxatu nahi izan du gaur Draghik, eta argi utzi du ez dela diru merkea momentuz agortuko, interes tasak gehiago jaisteko aukera ere aipatuta. Erabakia aho batez hartu du EBZko gobernu kontseiluak. Hots, interes tasak gehiago jaistearen aurka egon ohi den Alemaniako Bundesbank ere bat etorri da.

EBZren kontseiluaren aurretik bere bilera egin du Ingalaterrako Bankuak, lehen aldiz Mark Carney kanadiarraren gidaritzapean. Draghiren antzeko mezua igorri nahi izan du Carneyk, erabaki koordinatuta izan ez bada ere: merkatuak lasai daitezela, oraindik arinegi baita moneta politikaren norabidea aldatzeko. Espero zitekeen modura, euroaren eta libera esterlinaren balioak behera egin zuen, interes tasa oso apalak eusteko konpromisoak bultzatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.