2012. urtean aurkeztu zuen EBZ Europako Banku Zentralak OTM programa. Horren arabera, finantza arazoak dituzten herrialdeen bonuak mugarik gabe erostea aurreikusten zuen bankuak, betiere herrialde horiek erreskate bat eskatu eta horri lotutako baldintzak onartuz gero. Gobernuak zuzenean finantzatzea debekatzen duen araua hausten duela iritzita, Alemaniako 37.000 herritarrek Konstituzionalera jo zuten programaren aurka. Gaur ateratako ebazpenak EBZren erabakia legezkoa dela onartu du.
Espainia eta Italia kinka larrian zeuden EBZk programa aurkeztu zuenean. Euren arrisku sari handiek finantzaketa geroz eta garestiago batera kondenatzen zituen. Haatik, programaren aurkezpenak eta Mario Draghi bankuko presidenteak euroa salbatzeko "edozer" egingo zuela agintzeak egoera baretu zuten, eta OMT ez zen sekula praktikan jarri.
Edonola ere, ordura arteko muga bat zeharkatzea zekarren banku zentralaren egitasmoak, eta kritika ugari sortu zituen, bereziki Alemanian. 2014. urtean helegiteak aztertzen ari zela, zalantzak azaldu zituzten Alemaniako Konstituzionaleko epaileek, eta Europako justiziari galdetzea erabaki zuten.
Europako Justizia Auzitegiak gaia aztertu zuen, eta ez zion programari legezko trabarik aurkitu. Besteak beste, EBZren esku hartzea soilik baldintza batzuei jarraituta gertatuko zela azpimarratu zuen auzitegiak. Alemaniako Konstituzionalak dio epaian legezkotasunari buruzko zalantzak dituela oraindik, baina adierazi du Europako justiziaren erabakia bete beharrekoa iruditzen zaiola.
OMTk aurreikusitako bonu erosketari hainbat baldintza ezartzen dizkion arren, Europako Justizia Auzitegiaren erabakia bultzada argia izan zen Mario Draghik euroaren krisiaren aurka daraman estrategiarentzat. Funtsean, herrialdeen zorpetzea erosteak ez dituela EBZren eskumenak gainditzen onartu dio. Iritzi hori gakoetako bat izan da ziurtasun juridikoa emateko EBZ gaur egun sartuta dagoen quantitative easing programari. Banku zentralak bilioi eta erdi eurotik gora sartuko dizkio ekonomiari, euroguneko herrialdeen zorpetzea erosita.