Ekonomia

Edesak Arrasateko planta itxi eta 200 langile inguru kaleratu nahi ditu

Edesa Industrialeko sindikatuek eta enpresa zuzendaritzak mahai bat osatzea adostu dute, baina bileraren ostean zuzendaritzak ohar bat bidali du, Garagartzako lantegia ixteko asmoa duela esanez. Langileak ustekabean hartu ditu.

Edesa Industrialeko langileen agerraldi bat, uztailaren 13an. ANDONI CANELLADA, ARGAZKI PRESS
2017ko uztailaren 20a
07:44
Entzun

CNA Taldeak Garagartzako planta itxi, eta 130-160 langilea artean mantendu nahi ditu —orain 350 inguru ditu Edesa Industrialek—. Enpresa bideragarri egiteko beste modurik ez duela ikusten adierazi du zuzendaritzak, hedabideei bidalitako ohar batean.

Produkzio lineak doitu, langile kopurua murriztu eta bankuetatik aparteko finantzaketa lortu. Hiru oinarri horiek aurkeztu ditu enpresaren zuzendaritzak, Edesa Industrialekin jarraitu ahal izateko. Horretarako, argi ikuten du Garagartzako planta (Arrasate, Gipuzkoa) itxi egin behar dela. Berogailuen linea Basauriko (Bizkaia) lantegira eramateko aukera ikusten du, baina gainerako produkzio lineei eusteko modurik ez du sumatzen, ohar horren arabera. Geyser filialarenak ditu berogailu horiek; Arrasaten, bestela, labeak, kozinatzeko suak eta garbigailuak egiten dituzte.

Eskoriatzako eta Basauriko lantegiek ere produkzio lineak "doitu" beharko dituzte, edozein moduz, zuzendaritzaren esanetan. Murrizketa eta doikuntza horiek eginda, negozioa bideratzeko plan bati ekin ahal izango liokeela adierazi du zuzendaritzak, finantzaketa bide berriak bilatuz, eta ikerketan eta garapenean inbertituz.

Langileak, nahasita

Berez, langileek ez dute zuzenean jaso asmo horien berri. Gaur, osteguna, bideragarritasun planari buruz hitz egiteko asmoz, bilera bat egin dute CNA Taldeko ordezkariekin —enpresa katalana da Edesa Industrialen jabea, 2014an Fagor Etxetresnen kooperatibak porrot egin zuenetik—. Mahai bat eratzea adostu dute langileek eta zuzendaritzak, enpresaren bideragarritasuna aztertzeko.

Bileran, gainera, garbiketa lerroko 30 langile kaleratzeko erregulazio dosierra bertan behera lagatzea adostu dute. Zuzendaritzak gerora jakinarazi dituen kaleratzeei eta itxierari buruz ez dute hitzik ere egin bileran.

Bilera bukatutakoan, ordea, guztiz bestelako tonua duen ohar bat zabaldu die enpresak komunikabidei. Nahasita daude langileak. "Hau erokeria bat da". Edesa Industrialeko langile batzordeko ordezkariek oraindik ez dute sinesten zer gertatzen ari den.

"Enpresa hau beti izan da narrasa", adierazi dute langile batzordeko iturriek, baina zuzendaritzaren jokaera bikoitza ulertu ezinda daude oraindik. Ez dute ulertzen zer gertatu den. Edonola ere, langile batzordearen arabera, bihar berriz bilduko dira langileen ordezkariak eta zuzendaritza, negoziazio mahaiaren egutegia adosteko.

BERRIAk baieztatu ahal izan duenez, enpresak mahai horretara aurkeztuko duen proposamena da gaur hedabideetara zabaldu duena, eta langileei bileran jakinarazi ez diena. Plana "leuntzeko" aukerarik egon liteke negoziazio horietan, baina Garagartzako planta itxi eta 200 bat langile inguru kaleratzeko asmoa du zuzendaritzak berez.

Oharrean, Edesak adierazi du konfiantza duela "alderdi guztiek ulertu eta partekartuko dutela egoera berrira" egokitzeko beharra, "enpresak etorkizunik izan dezan".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.