Jorge Parladek zuzentzen duen CNA taldeak ohar harrigarria igorri die hedabideei, aurreko astean langileek taldeari egindako akusazioari erantzuteko. Edesa Industrialek dio, batetik, hitzarmenerako proposamen batean ari dela lanean, eta, bestetik, ez duela proiektu industrial berri baterako proposamenik jaso, ez langileen aldetik, ezta erakundeen, "kooperatiben" —Mondragon taldeari erreparatuz— eta bestelako inbertitzaileen aldetik ere. Kataluniako taldeak porrotera eraman du Fagor Etxetresnetatik jaiotako proiektua, 100 milioi euroko zorra eraginda, eta salbazioa beste eragile batzuen bizkar balego bezala jokatzen ari da.
150 langile kaleratzeko erregulazio dosierraren kontsulta epea egun gutxi barru hasiko dela iragarri du, eta, aldi berean, esan du "laguntzeko prest" daudela, "ekimen serioak badaude, babes finantzaketa nahikoarekin". Proiektuarekin jarraitu nahiko lukeela gaineratu du, inbertitzaileak bilatzea langileen eta erakundeen esku balego bezala.
Edesa marka CNAk atzerrian duen adar batek erosi zuen orain hilabete batzuk, eta, langileek salatu dutenez, "soilik hamar bat pertsona" utzi nahi ditu Euskal Herrian, komertzial gisa. Horrek galarazi egingo luke industria jarduera berreskuratzea Arrasaten, beharginek diotenez, edozein proiektu berri oztopatuko lukeelako.
"Edesa Industrialen aktiboak bereganatu nahi du, eskualdean enplegua sor dezakeen enpresa baten etorrera eragozteko". Prozesu honetan jabeen "fede txarra" egon dela dio LAB sindikatuak. "Konkurtsoaren bezperan, Edesa marka CNA Groupek Txinan duen adar batera eraman zuten, Asian Trade Appliances izeneko filialera". Bestalde, Fagor markaren erabilera judizializatu dutela ere gogoratu du LABek, Fagor taldeak markaren kontratua hausteko erabakiari helegitea jarrita. "Argi diogu: Fagorren izaera milaka pertsonaren lanaren ondorioa da, eta ezin dugu balio hori galtzen utzi. Fagorrek enplegua sortzearen zerbitzura egon behar du". CNAk Txinan fabrikatuz eta euskal proiekturik gabe, "ez du marka erabiltzeko eskubiderik", langileen ustez; "baina Fagor S.Coopek marka utzi beharko luke, eskualdean enplegua sortzeko proiektu industrialari bide emanez, enplegua sortuz, betiere markaren erabilera ona bermatzeko baldintzetan".