"Ehunka familia utz ditzakete kale gorrian". Edesa Industrialeko langileen geroarekin kezkatuta jarraitzeko motiboak badituztela azaldu dute gaur ELA eta LAB sindikatuek, besteak beste, etorkizunerako asmoei buruzko informazio fidagarririk gabe jarraitzen dutelako. Orain gutxi ezagututako Poloniako Amica taldearen inbertsio asmoen berri, adibidez, hedabideei langileei baino lehenago eman die zuzendaritzak. Horri lotuta, gainera, Mondragon korporazioak auzibidera jo du Fagor marka berreskuratzeko.
"Aspaldi honetan gardentasun falta da enpresa proiektuaren ezaugarri nagusia", salatu dute sindikatuek. "Errealitatea sistematikoki ezkutatzen da, eta iritzi publikoari komeni dena bakarrik jakinarazten zaio". Fagor Etxetresnen porrotaren iturrian jokaera hori dagoela uste dute ELAk eta LABek, eta Edesa erostean CATAk ere gardentasun faltarekin jokatu duela.
Edesako enplegua babestu beharra dagoela diote bi sindikatuek, eta horretarako industria proiektu serioak behar direla, "teorian Gasteizko gobernuak bultzatu beharko lituzkeenak". Baina ELA eta LABen iritziz, Jaurlaritzak "enpresa hau gainbeherara eraman duten zuzendaritzak babesten jarraitu du".
ELAk eta LABek talde bat osatu nahi dute, non enpresan ordezkaritza duten sindikatuez gain egon beharko liratekeen Edesa Industrialen zuzendaritza, Fagor markaren jabe den Fagor kooperatiba eta Eusko Jaurlaritza. Enpresaren industria etorkizuna bermatuko duen proiektua bultzatzea izan beharko litzateke talde horren helburua, eta horretarako ezinbestekoa litzateke bertan "enpresaren egiazko egoerari buruzko informazioa" izatea. Bi sindikatuen aburuz, "etorkizunerako industria proiektua bermatzeko beharrezkoa izango da guztion interesak uztartzea; enpresarenak, markarenak eta langileenak".