Edesa Industrialeko langile batzordeak ezezko irmoa azaldu dio enpresaren zuzendaritzari gaur goizeko bileran: ez dutela onartuko hark aurkeztutako plana; ez Garagartzako (Arrasate, Gipuzkoa) lantegia ixtea, ezta 220 langile kaleratzea ere. Gauzak horrela, Edesaren jabe CNAk, astebeteko epean bideragarritasun plana berriz aztertzeko konpromisoa agertu die langileei, «alternatiba gehigarriak» ikertzeko.
Langileek errefusatutako planak honakoa da: Garagartzako lantegia itxi, eta 350 langileetatik 220 kaleratzeaz gain, garbiketa eta labe plakak egiteari uztea eta Edesa Industrialen ekoizpena eltze, termo eta berogailuetara mugatzea. Hain zuzen, azken bi produktu horiek egiten zituen Arrasateko fabrikak.
Azken batean, CNAren arabera, Edesaren finantza egoera kaskarrari —100 milioi euroko zorra du eta konkurtso aurrekoan dago uztailaren hasieratik— buelta eman ahal izateko modu bakarra negozio errentagarriak berriz abiatzea da, eta dirua galtzen dutenak alde batera uztea. Eta, xede horretarako finantzaketa lortzeko ezinbestekoa litzateke ekoizpen lerroak doitu eta langile taldea murriztea. Edesaren jabeen ustez, Garagartzako lantegiaren «negozio lerroen marjina ekarpen negatiboak ezinezko bihurtzen du haren jardunaren bideragarritasuna». Garagartza itxita, hiru lantegirekin geldituko litzateke Edesa Industrial, Eskoriatzako (Gipuzkoa) biekin eta Basaurikoarekin.
Plan horren alternatibak zein izan daitezke? CNAren aldetik inolako xehetasunik ez zuen jaso atzo langile batzordeak. Edonola ere, beharginen ordezkarien ustez, aurreko astean plana abian jartzeko premia larriaz hitz egiten zuen CNAk atzoko bileran «alternatibak aztertzeari» buruz hitz egitea positiboa da.
Konpainiako ordezkariek esan diete aldaketa horiek jasoko dituzten plan industrial bat eta plan sozial bat aurkeztuko dizkietela datorren asteartean. Eta langileek espero dute, nahi dute, CNA Groupen egitasmo berriak «enpleguaren, ekoizpenaren eta proiektuaren iraunkortasunaren aldeko apustua egitea».
Fagor markaren erabilera
Bileraren ostean, CNAk ere agiri bat plazaratu du. Konpainiak uste du jarduerari eustea egingarri bihurtzen duten aukerak egon badaudela, «baina horiek, logikoki, alde guztien ahaleginarekin soilik etor daitezke». Kataluniako taldeak Euskal Herriko «bere industria jarduerari eusteko konpromisoa» agertu du, berriz ere. Esan du hori garbi azaldu diola langile batzordeari, eta horrekin batera, «Fagor markarekin jarraitzeko» borondatea ere.
Hain zuzen, langileen ordezkariak beldur dira CNAk ez ote dion lehentasuna ematen Fagor marka eusteari, jarduera ahalik eta handiena mantentzearen aldeko apustua egin beharrean. «Gutxieneko jarduera industrial bat eta lanpostu batzuk izan behar ditu Fagor marka merkaturatzeko» gogorarazi zuen langile batzordeak herenegun.