Hamalau zortzimilako igotzeko hanka sendoak behar dira, baina, bestalde, oxigeno gutxiko eremuan edonork galtzen du sendotasuna. Ibex-35 (-%0,31) larri antzean dabil, oxigeno gutxirekin ibili luze samarra egin duena lez. Mozkinak sendoak izan litezke, baina menditik jaitsi arteko onik ez da izaten. Eta Himalayako eguraldia bezain aldakorra da egun akzio azokako giroa. 2.740 milioiren salerosketarekin, %4na pasako galerak izan zituzten Indra eta Mapfrez harago, BBVA (-%1,78) eta Santanderren (-%0,91) hotza sumatu zen nagusiki. Eskerrak Edurnezuri (+%1,51) sendo agertu zen, indizeari hankak finkatuz. Euroak ere presio handipean jarraitzen du, eta Dow Jones ere zalantzakor iratzarri zen, batik bat AEBetako manufaktura datuak ez direla uste bezain onak izan. Endesari (-%0,96) ez zitzaion Pasabanen balentriagatik ospakizunik sumatu. Giro nahasian beheko kanpalekutik at dabiltza txerritxo ehiztari gehienak; (elur-)jausi arriskua badago.
EBZk 16.500 milioiren zor publikoa erosi berri du merkatua egonkortzeko, eta, dirua inprimatu duenik ukatzeko, bankuei erosiko die bueltan diru hori. Enkante bat egingo du, horretarako, astebeterako gordailuak eskainiz. Gehienez %1 ordainduko du.
ACS(-%0,76) eraikuntza eta zerbitzu enpresa epe luzeko zor jaulkipena egitekotan da, 750-1.500 milioi artekoa. Iberdrolan duen akziodun nagusiaren tokia sendotzen lagunduko lioke. Txikizkariei zuzendu nahi die eta, agian, akziotan bihurgarria izango litzateke.
Edurneren hankak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu