Irabaztearen garrantziaz gogoratuko da gaur Egoi Martinez; Tourreko etapan bosgarren egitea ondo dago, baina garaipenak espero dituzte zaleek, txerritxo ehiztariek mozkinak beste. Sacyrri (-%5,08) horixe gogorarazi zioten atzo: (Panamako kanaleko) lanak egitea baino gehiago, garrantzitsuena lanok eginez dirua irabaztea da. Contador eta Armstrongena, aldiz, Edurnezurik(-%1,23) eta Santanderrek (-%0,97) egin zuten: biek ala biek 300na milioitik gorako salerosketarekin, indizean lidergoa enpresa handienei, kapitalizazio handienekoei dagokiela argi laga zuten; Ibex-35ek (-%1,04) nahitaez jarraitzen die euren gurpilei. AEBetako kontsumitzaileen konfiantzari, baina, Arcalisen txirrinduzaleen aurrikuspenei bezala gertatu zitzaien: gehiago espero zutela. Langabeziak, ordea, eurak kezkatzen ditu, eta Wall Street gorriratu zuen, gure akziorik gehientsuenak lez. Tourra eman ez zuen Telecinco (+%3,55) izan zen salbuespena. Guztiok emaitzei adi.
Popular. Popular (-%1,38) bankuaren kaudimen kalifikazioa A+ izatetik A izatera jaitsi du S&P rating etxeak. Espainiako ekonomiaren uzkurtzeak berankortasunean izan duen eragina azpimarratu du horretarako. Joera negatiboa ikusten dio gainera, oraindik.
Norbolsa. Norbolsa etxeak Europako akzioetan aukera onak ikusten ditu: Bilbon Santander eta Telefonica erraldoiez gain, BBVA (-%1,37), ACS (-%1,16) eta Iberdrola (%1,22) hobesten ditu. Ia guztiak, beraz! Parisen, BNP (-%2,02), AXA (-%1,3) eta Vinci (-%2,45).
Egoitik Contadorrera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu