Tecnalia Research & Innovation (TRI) teknologia zentroen bilgunea sortzea ezinbestekoa ikusten du Gipuzkoako Diputazioak, "Euskadirentzako zein Gipuzkoarentzako", baina, hala ere, baldintza zehatza jarri du bat-egite horretan parte hartzeko: egoitza Gipuzkoan jartzea, zehazki, Donostiako Miramongo parkean. Gainerakoan, Tecnaliako zuzendaritzan ez dela izango iragarri du atzo iluntzean plazaratutako prentsa ohar baten bidez.
Gipuzkoako Aldundiaren arabera, Gipuzkoa da TRIren egoitza hartzeko herrialde egokiena, hain zuzen ere, "baldintza onenak" eskaini dituelako. Horrenbestez, ez luke ulertuko erabakia beste bat izatea.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zortzi zentro teknologiko batzea da TRIren helburua, eta, ondorioz, Europako bosgarren ikerketa talde nagusia eratzea. Uztailaren 16an Donostiako Kursaalean zen egitekoa bat-egitea izenpetzeko ekitaldia, baina azken unean bertan behera geratu zen Bizkaiko Labein teknologia zentroak aldaketak proposatu baitzituen egoitzaren kokapenari buruz. Ordurako Gipuzkoako zein Bizkaiko diputazioek adierazia zuten bakoitzak bere herrialdean nahi zuela egoitza, baina bazirudien Tecnaliako bat-egite batzordeak bideratua zuela Gipuzkoaren aukera. Baina izenpetze ekitaldia baino zertxobait lehenago Labeinek jarri zuen baldintza izan zen egoitza bi herrialdeen artean txandakatzea. Ondorioz, bat-egitea bertan behera geratu zen.
Atzo iluntzeko agiriaren bidez Gipuzkoako Diputazioak teinkatu egin du bere erronka.
Ekonomia
Egoitza Gipuzkoan jarri ezean ez duela Tecnalian parte hartuko iragarri du Gipuzkoako Diputazioak
Uztailaren 16an sinatu behar zuten bat-egitea Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zentro teknologikoek, baina bertan behera geratu zen egoitzaren kokapenaren inguruan Bizkaia eta Gipuzkoaren artean sortutako lehiarengatik. Gipuzkoako Aldundiak atzo iluntzean adierazi zuen baldintza ezinbestekotzat duela Tecnalian parte hartzeko egoitza herrialde horretan jartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu