Izan ziren urteak Euriborraren batez bestekoari adi begiratzen zitzaionak. Hipoteka hilabete batean edo bestean berritzeak ondorio handiak zituen patrikarentzat, indizearen aldakortasun handiagatik. Azkenaldian, ordea, egonkortasuna da nagusi. Iaz, esaterako, %0,5aren bueltan ibili zen Euriborra urte osoan, eta aurten ere bide beretik ekin dio urteari. Hala, hipoteka berritzeko aurreko urteko hilabete berberarekin egiten denez konparaketa, hipotekek lehengo mailan jarraitzea espero da.
Otsailekoa da adibide. %0,549ko batez bestekoa egin du. Iazko otsaila %0,594an amaitu zuenez, merkatu egingo dira hipotekak. 20 urteko epean ordaintzeko 100.000 euroko hipoteka dutenek —Euribor+%1eko diferentzialarekin— hilean bi euro aurreztuko dituzte aurrerantzean, hau da, urtean 24 euro.
Datorren astean izango da Europako Banku Zentralaren hileroko bilera. Hainbat adituren ustez badago interes tasak murrizteko aukera. Horrek Euriborraren jaitsiera ere eragin dezake, baina %0,4 edo %0,3an kokatuta ere urteko aurrezkia ez da handia izango hipotekadunentzat.
INEren arabera, Hego Euskal Herriko biztanleek 2012an baino 6.775 mailegu hipotekario eskatu zituzten iaz. Guztira, 14.230 hipoteka kontratatu zituzten (-%32) eta batez beste 119.000 euro eskatu zituzten, aurreko urtean baino 11.000 euro gutxiago.