Sestaoko Naval ontziolako langileek protestan jarraitzen dute lan karga sar dadila eskatzeko, eta, horren harira, 24 orduko itxialdia egiten ari da langile batzordea. 06:00etan ekin diote protestari.
Ontziolako zuzendaritzak langileen batzordeari jakinarazi dio aurrekontratu bat hitzartua dutela Navalen ontzi bat egiteko, eta baliteke hilabete barrurako ixtea akordioa. Nolanahi ere, mobilizazioekin jarraitzea erabaki du langileen batzordeak, asteon amaituko baitute eraikitzen egiten ari diren ontzia.
Jose Pedro Gonzalez batzordeko presidentearen arabera, "ez da lehen aldia asmoen gutun bat sinatu eta gero dena pikutara doana". Hortaz, "mahai gainean kontratu sinatu bat izan arte" jarraituko dute protestan.
Gainera, goizeko hamarretan Eusko Legebiltzarreko atarira joango dira langileak, bertan elkarretaratzea egitera.