«Une honetan nire egoera pertsonala patetikoa da», hala dio Iñaki Faulinek (Barakaldo, 1967). Silikosi arrunta dauka, marmol lantegi batean bederatzi urtez lanean aritzearen ondorioz. Hori nahikoa zama izango ez balitz bezala, langabezian dago. Fernando Idoiagak (Gernika, 1969) gaitza garatuago dauka, 24 urtez marmolaren hautsa irensten egon ondoren. Horrek eragotzi egiten dio gehien gustatzen zaizkion jarduerak egitea.
Aurten geratu da Faulin langabezian. Enpresaren egoera ekonomiko txarra zela eta, zuzendaritzarekin bere kaleratzea negoziatu zuen. CCOO sindikatuko kide egin zen, eta, euren enpresan atera ziren kasuak ikusita, Oviedora (Espainia) joan zen, han baitago Espainiako Silikosi Institutu Nazionala (INS). Gaitza zeukala baieztatu, eta orain «larri» dago. «Langabezia urtebete barru amaituko zait, eta ez dakit zer egingo dudan».
Amorratuta dio enpresak jakin behar zuela berak gaixotasuna zuela, «bi urtean behin egiten dizkiguten analisien bidez». Halere, bere jokabidea ez du zuritzen, «huts handia egin nuen, silikosia neukala jakin gabe sinatu bainuen nire kaleratzea». Beraz, orain langabezian dago, eta, ezintasuna eskatu badu ere, ez diote eman, silikosi arrunta daukalako. «Ezintasun partziala emango ote didaten zain nago». Dena den, Gizarte Segurantzak laneko gaixotasuna duela onartu dio; «orain mutuara pasatu dute kontua».
Egoera horrek guztiak eguneroko bizimoduan zailtasunak eragiten dizkio Faulini. «Nekatuta sentitzen naiz, baina okerragoa da egoera psikologikoa». Lanik ez diote ematen, eta topatzeko esperantza txikia du, adinagatik. «Marmol lantegi batean lana eskainiz gero, arriskuak arrisku, hartu egin beharko nuke. Zein aukera daukat?».
Aisia mugatu dion gaitza
Idoiagaren kasua ez da hobea. Ekainean egin zituen silikosiaren probak INSn. «Enpresari eskatu genion azaltzen ari ziren kasuak ikusita proba berezi batzuk egingo ote zizkigun», dio. Baina ezezkoa eman ziguten. Oviedon baieztatu zioten silikosi konplexua zeukala, eta, orduz geroztik, bajan dago. Bere gaixotasunaren larritasunagatik, ezintasun osoa jaso beharko luke, baina mutuetako medikuek ez diote ezer baieztatzen. «Txosten guztiak dauzkate, baina ez didate onartzen gaixotasun hori daukadala. Batek daki noiz arte egongo naizen horrela!», dio gernikarrak.
INSk gaitza duela onartzen dion txostena eduki, eta hemengo medikuek hori baieztatzen ez diela ikusita, horrek guztiak zuzenean eragiten dio Idoiagari. «Lehen mendira joan, edo palan jokatzea gustatzen zitzaidan, baina, orain, apurka, alde batera utzi ditut, ez naizelako iristen, birikek ez didatelako ematen». Eta amorrarazi egiten da. «Jakin badakizu zergatik ezin duzun egin gustatzen zaizuna», eta, medikuek ezintasuna ematen ez badiote, «kalera joan naiteke, gaixotasuna bizkarrean daramadala, gainera». Eta horrek guztiak pertsonaren izateko era ere aldatzen du, «eta askotan haurrek ere hori guztia jasan behar izaten dute».
Eurek biek jasan behar izan duten guztia beste inork ez jasateko, enpresetatik informazioa banatzen ari dira orain Silikosia elkartearekin. «Enpresako langile eta buruei lagundu nahi diegu, gaixotasun honek denei eragiten baitie», diote.
Egunerokotasuna eta arnasa amorrarazten
Fernando Idoiaga eta Iñaki Faulin marmol lantegi bateko langileak dira, eta, han lanean aritzearen ondorioz, silikosia atzeman diete aurten. Mutuekin borrokan ari dira, ezintasuna lortu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu