Egungo lan baldintzak izango dituzte BBK eta Kutxako langileek 2011ra arte

Berme «garrantzitsuak» dituen homologazio akordioa adostu du CCOOk Kutxarekin eta BBKrekin

Mikel Carramiñana.
2008ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Aldaketarik ez, 2011. urtera arte gutxienez. BBKren eta Kutxaren arteko bat-egitea gauzatuz gero, Gipuzkoako finantza erakundeko langileek lanordu gutxiago eta soldata handiagoak izango dituzte, BBK-ko langileek dituzten baldintzekin homologatzeko, hain zuzen ere. Hobekuntzak, alabaina, kutxa bietan indarrean dauden lan itunak iraungi arte ez dira gertatuko. 2010eko abenduaren 31ra arte itxaron beharko dute, hartara, Kutxako beharginek.

Donostian batzartu ziren, joan den ostiralean, CCOO eta Pixkanaka Kaskari sindikatuetako ordezkariak finantza erakunde bietako arduradunekin, bat-egitearen ondorioz kutxetako langileen lan baldintzei buruzko akordioa izenpetzeko.

Hitzartutakoaren berri eman zuten atzo CCOOko ordezkariek eta, besteak beste, «enpleguari eusteko bermeak» lortu dituztela nabarmendu zuten. Kutxa bietako lanpostuei ez ezik, informatika zerbitzuetan ari diren 400 langileenei ere eustiko dietela iragarri zuten. Guztira, 6.000 langile inguru izango ditu kutxa berriak.

BBK-k eta Kutxak ez dituzte enplegua erregulatzeko planak edota beharrezko lekualdatzeak erabiliko, eta erretiro aurreratuak sustatzeko aukera sindikatuekin batera adostu dute. CCOOk esandakoaren arabera, 250 eta 300 langile izango dira baldintza horietan hurrengo bi urteetan.

Egungo hitzarmenetan jasotakoari eutsiko badiete ere, langile berri guztiek BBK-ko lan itunaren araberako baldintzak izango dituzte. Bat-egiteak dakarren lan zamagatik, bestalde, langile guztiek 1.250 euro jasoko dituzte.

Baikor enpresa berriagatik

Bizkaiko eta Gipuzkoako kutxen fusioak «enpresaren ikuspegitik logikoa» dela esan zuen Patxi Ruiz BBK-ko CCOO sindikatuko ordezkariak, eta baikor azaldu zen finantza erakunde bien emaitzarekin: «Enpresa indartsuagoa, sozialagoa, anitzagoa eta parte-hartzaileagoa izango baita».

Ruizek bere sindikatuaren jarrera babestu zuen, 2005etik gaur arte «berdina izan delako». Vital Kutxa kanpoan gelditu izana deitoratu zuen, baina, Vitalik gabeko bat-egitea ere «oso baikorra» dela gaineratu zuen.

Kutxetako zuzendaritzekin adostutako homologazio plana, «lan itun batekin nahastu behar ez duguna», sindikatuen ordezkaritzaren %60tik gora lortu duela nabarmendu nahi izan zuen, eta onurak «langile eta sindikatu guztientzat» izango direla gaineratu zuen.

Kutxa berria, azkenik, egungoak baino «sozialagoa» izango dela esan zuen, etekinen %30 erabiliko dutelako gizarte proiektuetan.



Kutxetako Euskal Herriko langile gehienak akordioaren aurka daudela dio LABek

Kutxan eta BBKn dauden bost sindikatuetatik, ostiralean sinatutako akordioa CCOOk eta Pixkanaka Kaskarik bakarrik negoziatu dutela salatu du LABek. ELA eta Aspemekin batera, Euskal Herriko bulegoetako langileen %54 ordezkatzen dutela gogorarazi zuen LABek, eta, horrexegatik, EAJri euskal lan esparrua laga eta «estatuko esparrura inposatu» izana leporatu dio.

Sinatutako akordioa, gainera, hilaren 28ko asanbladetan «botoak ziurtatzeko» helburu bakarra dutela gaitzetsi du LABek eta, horrez gain, akordioak «inolako balio juridikorik ez» duela azpimarratu dute. Kutxa berria zabaltzeko egitasmoetan, halaber, CCOOk ordezkaritza handituko duela ohartarazi du, eta, horri esker, administrazio organoetan egotea bermatu nahi dutela esan du LABek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.