Urrian egingo da Kutxaren batzar orokorra. Han, aztertu ere ez da egingo Gipuzkoako Diputazioak Kutxabanken izaera soziala mantentzeko egindako proposamena. Hala erabaki zuen atzo administrazio kontseiluak.
EH Bildu ez dago, ordea, amore emateko prest. Beste behin ere proposamena "serioa, legezkoa eta gauzarria" dela esan du, eta iragarri du Bizkaira ere emango duela proposamena. Eragile politiko, sindikal eta sozialei aurkeztuko die urriaren 2an Bilbon egingo duen batzar batean.
BBK-k jada hasita du banku fundazio bihurtzeko prozesua. EH Bilduk patronatuko kideei eta Bizkaiko Diputazioari eskatu die geratzeko, proposamena "seriotasunez eta errespetuz" aztertzeko. "Oraindik garaiz gabiltza Bizkaian aplikatzeko", adierazi dute Aitziber Ibaibarriaga Bilboko Udaleko zinegotziak eta Maribi Ugarteburu legebiltzarkideak.
Atzo Kutxako administrazio kontseiluak hartutako erabakia ere gaitzetsi dute. "Beldurra diote eztabaidari". Nabarmendu dute kutxak banku fundazio bihurtzeak haien gaineko kontrol publikoa erabat deuseztea eragingo duela. "Patronatuetako kideek, nahi balute, aukera izango lukete 97.000 milioiren aktiboak funts putre bati saltzeko, inork horren kontra ezer egiteko aukerarik ez bailuke izango".