EH Bilduk eskaera bat egin dio Xabier Iturbe Kutxako administrazio kontseiluko presidenteari urtarrilaren 9rako ezohiko batzarrera deitzeko, besteak beste etxe kaleratzeez, Kutxabanken "pribatizazioaz" eta Kutxak Kutxabanken dituen ordezkarien hautaketaz hitz egiteko. Gutun bat helarazi dio Iturberi.
EH Bilduren arabera, Kutxako buruak hitzeman zien batzarra antolatuko zuela, baina ez du halakorik egin, eta koalizioak adierazi du Iturbe Kutxaren organuak "gelditzen" ari dela.
Duela hilabete izan zen Kutxako batzarra, eta han hautatu zuten Iturbe berriro presidente. Batzar polemikoa izan zen, inpugnazio batek EAJ-PP-PSEren esku utzi baitzuen Gipuzkoako erakundearen zuzendaritza.