Koalizio independentistak gaur zehaztu ditu DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren sistema erreforma baterako oinarriak. Iker Casanova eta Nerea Kortajarena legebiltzarkideek azaldu dituzte, Gasteizen.
Kortajarenak eskatu du oinarrizko errenta sortu zen garaiko espiritua berreskuratzea, eta, horren barruan, baldintzak gogortzeko edozein asmo "alboratzea". Azken hilabeteotan, gizarte eragile ugarik iritzia eman dute legebiltzarrean DSBEaren egoerari buruz, eta, EH Bilduren aburuz, Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten alderdien testua "kontrako norabidean" doa. Koalizioak hasiak zituen hartu-emanak gobernuarekin erreformari buruz, baina, proposamena ikusita, akordiorako aukera "urrunago" dagoela uste du.
Edukietan ezberdintasun sakonak daude. EH Bilduk beharrezko ikusten du gutxieneko adina 23 urtetik 18 urtera jaistea, eta errolda urteak hirutik batera murriztea. Etxebizitza bakoitzeko errenta bat baino gehiago ere egon ahal izatea defendatuko du. Kalte handia egingo lukeela salatu du Casanovak, eta adibide bat eman du: "Biolentzia matxistaren ondorioz etxea partekatzen duten emakumeek ez lukete bakoitzak ordain bat jasotzeko eskubiderik". EAJren eta PSEren proposamenak osagarri bat aurreikusten du etxea parketatzen den kasuetan, baina denboran mugatua.
Gutxieneko soldata, erreferentzia
Ordaina kalkulatzeko moduan ere ez daude ados. EH Bilduk exijitu du ordainei 2012. urtetik ezarri zaien %7ko murrizketa bertan behera uztea. Era berean, ordaina eguneratzeko erreferentzia gutxieneko soldata izaten jarraitzea nahi dute. EAJren eta PSEren testuan adierazle berri bat sortzea jaso dute, oinarrizko betebehar arruntak asetzeko oinarri batekin (455 euro). Oinarri horri diru osagarri batzuk gehituko zaizkio, elkarbizitza unitatearen izaeraren arabera. Eguneratzeari buruz, urtero aurrekontuen bidez egitea eskatu dute.
Haurrak dituzten onuradunen laguntzak indartzeko idearekin bat dator EH Bildu. Kasu honetan, adin txikiko bakoitzeko 120 euroko osagarria ematea planteatu dute. Jeltzaleen eta sozialisten lege proposamena "erregresiboa" iruditzen zaio koalizioari.
Hatz marka "desegokia"
Gobernua sostengatzen duten alderdien testuko filosofia orokorrarekin ere kezkatuta daude. Casanovaren irudiko, "protagonismo osoa" ematen zaio kudeaketaren eta iruzurraren kontrolari. Onuradunei hatz marka exijitzea "desegokitzat" jo du, eta zalantza juridiko argiak dituela ohartarazi du. Sistema horren bidez DSBEa kobratzen ari direnenganako "susmoa zabalduko da", haren aburuz.
EH Bilduri ez zaio gustatu tramitatzeko erabili den bidea, halaber. Hau da, Eusko Jaurlaritzako lege proiektu baten bidez egin beharrean alderdien ekinbide gisa aurkeztu izanak. Proposamena "pobreagoa" iruditzen zaio koalizioari, legeak agintzen dituen testu juridikoak eta memoria ekonomikoak falta zaizkiolako. Ez dute oraindik erabaki EAJren eta PSE-EEren testua tramiterako onartzearen alde bozkatuko duen edo ez. "Lege berme guztiak dituen prozedura bat exijituko dugu", zehaztu du Nerea Kortajarenak. EAJk eta PSEk beste alderdiren baten laguntza behar dute Eusko Legebliltzarrean tramitazioarekin aurrera egiteko.