FAGOR

EH Bilduren ustez, esku-hartzeko gaitasuna duen sare instituzionala behar du Euskal Herriak

Koalizioaren arabera, Fagorrekin gertatutakoaren inguruan "hausnarketa serioa" egin behar du MCCk, "daukan erantzukizuna bere gain hartu eta bideragarritasun plan bat abian jarri beharrezko bitarteko guztiekin".

2013ko urriaren 26a
13:38
Entzun

Euskal esparruko produkzio gaitasuna hobetzea eta sakabanatzea izan behar da helburua, koalizioak nabarmendu duenez. Halaber, beharrezkotzat jo du egun kooperatibista direnek bazkide izaten jarraitu ahal izatea.

Erakundeen erantzukizuna ere mintzagai izan du EH Bilduk: "Instituzioak ere behartuta daude hausnarketa hori egitera. Inoiz baino premiazkoagoa dute hori egitea, Fagorren balizko itxierarekin beste 2.000 pertsona baino gehiago kalean eta etorkizun ilun batekin geratuko direlako".

Koalizioaren iritziz, hausnarketa horren abiapuntua ezin da izan Fagor Etxetresnak eta Edesa Basauri enpresen itxiera eta likidazioa "beste barik" onartzea. "Baina beste adabaki bat jartzea ere ezin da izan. Beharrezkoa da sakoneko arazoei erreparatzea eta modu batean edo bestean bizitzeko bitartekorik gabe geratzen diren pertsonei irtenbidea bilatzea", adierazi du.

Eusko Jaurlaritzak EH Bilduren "babesa" izango du "arazoaren irtenbidea azaldu ditugun irizpideekin bilatzen badu; sakoneko arazoa zatitzeko eta urtzeko asmoa badu eta Fagor Etxetresnen balizko likidazioak eragindako alarma soziala baretzeko asmoa badu bakarrik, aurrean izango gaitu".

Birmoldatze prozesua finantzatzeko instituzioen konpromisoa sustatzea eta eraikitzea proposatu du koalizioak. Nola egin ere jarri du mahai gainean: "Hori egin beharko litzateke esku-hartze publiko zuzenaren bitartez eta banka pribatuari zorra birnegoziatzea eta operazio hori finantzatzea exijituz. Arlo horretan, dei berezia egin beharko litzaieke Kutxabanki eta Laboral Kutxari, duten erantzukizuna bere gain har dezaten. MCCren inplikazioa ere beharrezkoa izan beharko litzateke".

Enpleguei eustea

Prozesu horretan kaleratutako langileak langabezia saririk gabe ez geratzeko konpromisoa ere beharrezkoa dela uste du EH Bilduk. Orobat, Mondragon Korporazioari dei egin dio: "MCCk ezin du arazoa konpondu enplegua suntsituz eta produkzioa beste leku batera eramanez. Dena dela, gai honen inguruan hartzen dituen erabakiak talde kooperatibistaren etorkizuneko eboluzioan eragin zuzena izango du".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.