Euskal Herriko Laborantza Ganberak bi lehendakari izanen ditu hemendik aitzina, eta ez bakarra, orain arte bezala. Hain zuzen, Beñat Molimos eta Francis Poineau laborariek hartu dute Mixel Berhokoirigoinen lekukoa, eta lehendakaritza partekatua izatearen zergatiak azaldu dituzte. “Hamar urtez alimaleko bidea egin du EHLGk”, azaldu du Molimosek. Eta, hain justu, bide horretan lan anitz pilatu dute; hamabortz langile behar izateraino. Lehendakari karguak, beraz, ardura handia eskatzen du, baina laborari lanari eustea ere garrantzitsua da, ganberako kideen iritziz. Horregatik erabaki dute kargua banatzea.
Transmisioa ere hobeki segurtatuko dutela espero dute ardura partekatuari esker: “Etxaldeak transmititzen diren bezala, EHLGk ere transmisioa ongi egin nahi du”. Hala, lehendakari berriek adierazi dute laborariekiko hurbiltasunari eutsiko diotela, eta orain arteko ildoetan sakonduko dutela. Hautetsiekin eramaten duten lana indartu nahiko lukete, adibidez, eta baita desmartxa kolektiboen aldekoa ere: “Horiek dira gure perspektibak, eta horren ardura hartuko dugu, laborantzaren eta herri honen onerako”.
Bi lehendakariez gain, honako hauek izanen dira EHLGko bulegoko kideak: Daniel Barberarena, Mixel Berhokoirigoin lehendakari ohia eta Panpi Olaizola. Seigarrena ere nahiko luketela azaldu dute, ahalaz emaztea, baina oraindik ez dago hautagairik. Bortz kide horiek osatuko dute, beraz, zuzendaritza berria.
Sei ildo, sei jardunaldi
Autonomia, kalitatea, naturaren errespetua, lekuko garapena, transmisioa eta banaketa izanik EHLGren sei ildo nagusiak, horietako bakoitza lantzeko egitasmo bat proposatu dute. Lehena jadanik egina dute: otsailaren 3an Urruñan (Lapurdi) lurraren eta lanaren banaketari buruzko ikastaroa egin zuten. Bihar eginen dute hurrengoa, Itsasun (Lapurdi), bertako gereziaren eta bertzelako kalitatezko desmartxen inguruan, 10:00etatik 15:00etara. Herriko haragia, ogia eta olioa izanen dituzte aipagai, bertzeak bertze.
Suhuskuneko Ameztoia baserrian izanen da hurrengo jardunaldia (Baxenabarre), martxoaren 5ean, autonomiaz eta naturarekiko lanaz hitz egiteko. Martxoaren 17an, berriz, transmisioaren inguruko lekukotzak entzunaraziko dituzte. Apirilaren 8an balio erantsia eta etxaldeen proteina autonomia landuko dituzte, Garaziko eskualdean (Baxenabarre). Azkenik, apirilaren 11n naturaren gaia landuko dute berriro, Mondarraingo Natura 2000 gunean.