EHNE: «Aldaketarik ezean, Gabon beroak izango dira»

«Sektorea ez dago prest xantaiekin jarraitzeko», ohartu du Karrerak

AMAIA ELIZONDO - DONOSTIA
2004ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
«Nekazaritza sektorean aldaketarik ez badago, abendu eta Gabon beroak izango ditugu», iragarri zuen atzo Gipuzkoako EHNEko presidente Eneko Karrerak Donostian, Foru Aldundiak diru laguntzak elkarte batzuei soilik ematen dizkielako. «Baserritarrek ezin dute Administrazioaren inposizioak, xantaiak eta gezurrak jasaten jarraitu. Horregatik, dei egiten diogu Administrazioari negoziazioak has ditzan».

Karreraren arabera, «arazoa aspalditik dator, Lurgintza Kooperatiban langileekin izan zen gatazkaren ondorioz». Gainera, «Gipuzkoako Foru Aldundiak beti eman izan die garrantzi handiagoa enpresa pribatuei», azaldu zuen.

Iaz Foru Aldundiak eginiko lehiaketan hamalau taldek parte hartu zuten, eta beste asko kanpoan utzi zituzten. «Kontuan izan behar da Gipuzkoan 43 elkarte daudela nekazaritza munduan, esaterako, baso elkarteak, erlezain elkarteak eta beste hainbat. Horiek ez dira lehiaketan sartzen. Justu Lurgintzatik zerbitzuak ematen dituzten elkarteak parte hartu zuten», esan zuen Karrerak. Gaineratu zuenez, zenbait elkartek presiopean sinatu dute Foru Aldundiaren lehiaketan sartzea.

«Iruzurra eta kontrola»

Foru Aldundiak azken urtean egindako jardunaren arrazoia hau da, Karreraren arabera: «Ekonomikoki kontrolatu ezin dituen nekazaritza departamentuei egokitzen zaizkien diru laguntzak moztu egiten dizkiete». «Gure ustez iruzurra egiten diote sektoreari, urteetako lana kolokan jartzen dutelako».

Nekazariek hainbat bilera egin ostean, EHNEk dei egin dio Nuria Lopez de Gereñuri Nekazaritza ahaldunari. «Askotan esan diogu gurekin hitz egiteko, negoziatzeko eta sektorea ez zapaltzeko. Baina, bere erantzuna inposizioa izan da». Dena dela, «sektoreak ez du asmorik bere jarrera aldatzeko, eta egoera ez bada hobetzen, mobilizazioak egiteko prest egongo gara», iragarri zuen Karrerak. «Negoziazioak benetako borondatearekin eta ez inposizioarekin hasteko», eskatu zion, «elkarlana beharrezkoa baita».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.