EHNE: «Euskal Herria osasuna galtzen ari da»

Sindikatuak sentsibilizazio kanpaina hasi du kontsumitzen ditugun produktuei buruz informatzeko

Beasaindik Donostiara bitartean egin zuten traktore martxa EHNEko kideek. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Miren Garate.
Donostia
2011ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Alde batetik, jendeak gero eta gutxiago dakielako zer jaten duen, eta, bestetik, ingurumenari etengabe egiten zaiolako kalte. Euskal Herria osasuna galtzen ari dela uste du Gipuzkoako EHNEk. Hori dela eta, kanpaina bat jarri du abian, herritarrak baserritarrek euskal gizartearentzako duten garrantziaz «sentsibilizatzeko».

Atzo hasi zuten ekimena, traktore martxa batekin. Beasaindik abiatu, eta N-1 errepidean barrena,Donostiako Bulebarreraino joan ziren, elkarren atzetik ilaran. Amaieran, 40 inguru elkartu ziren, eta bertan bildutako beste nekazariekin batera elkarretaratzea egin zuten, Euskal Herria osasuna galtzen ari da zioen pankartaren atzean.

Sektorearen egoera «tamalgarria» dela adierazi zuen Iñaki Lazarobaster sindikatuko presidenteak. Haren esanetan, euren produktuengatik duela hogei urteko prezio berberak ordaintzen dizkiete. Erregaien prezioen igoerak eragiten al dien galdetuta, «arazo bat gehiago» dela esan zuen.

Arazoak gizarte osoari eragiten diola uste du sindikatuak, ez baserritarrei bakarrik. «Kanpotik gero eta janari gehiago ari da sartzen. Gaur egungo garraio zerbitzuarekin munduko edozein tokitatik ekartzen dituzte produktuak, eta, gainera, merke». Alabaina, elikagai horien atzean dauden ekoizteko modua, langileen lan baldintzak eta beste hainbat kontu ezkutuan geratzen direla azaldu zuen Lazarobasterrek. Horrez gain, azpiegitura handiek nahiz kutsadura gero eta handiagoak ingurumenari kalte egiten diotela ohartarazi zuen.

Apirilera bitartean iraungo du kanpainak. Tarte horretan ekimen gehiago egingo dituela iragarri du sindikatuak, sektorearen barruan dauden arazo zehatzen berri emateko. «Agerian geratuko da Euskal Herria osasuna galtzen ari dela», esan zuten sindikatuko ordezkariek.

Datorren ostegunean pentsioen erreformaren aurka egitekoa den greba orokorraren antolatzaileetako bat da EHNE sindikatua, ELA, LAB, Eilas eta Hirurekin batera. Hala, atzoko agerraldian lanuztearekin bat egiteko eskatu zien Lazarobasterrek sektoreko langile guztiei, «pentsioen erreformak baserritarrei ere zuzenean eragiten dielako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.