"Enpresaburu klasearen balioen defentsa ez da unibertsitate publikoaren eginkizuna", salatu du ELAk prentsa ohar baten bidez. Esplikatu du aste honetan Lan harremanen eredu berria garatzeko Confebask katedra izenekoa aurkeztu dutela EHUren Sarrikoko egoitzan, Bizkaian. "Jakinarazi dutenez, katedra horrek, Juanjo Alvarezen zuzendaritzapean, ikasle eta irakasleei eskolak emateko eta ikertzeko aukera eskaini nahi die, Confebasken eta EHUren arteko akordioak zedarritutako marko orokorrean", azaldu du ELAk. "Alvarezek azaldu duenez —gaineratu du sindikatuak—, 'Confebask katedraren xedea da konfederazioan sortu eta garatu den lan harremanen eredu berria unibertsitate eremura eramatea'".
ELAk "oso larria" deritzo unibertsitate publikoak helburu hori babesteari, "eredu horren asmoa baita langileen eta enpresetako zuzendaritzaren artean banakako harremana inposatzea, sindikatuon ekintza kolektiboa baztertuz". Horregatik, sindikatuak EHUri galdegin dio ez dezala sor Confebasken katedra, eta jakinarazi du gaur bertan salaketa hori EHUren Gizarte Konsteiluari eta bere kide guztiei helerazi diela.
Alabaina, EHUk prentsa ohar baten bidez erantzun dio ELAri, haren salaketak ukatuz. "EHUn ez da sortu Confebaski lotutako inolako Unibertsitate-Enpresa katedrarik", azpimarratu du, "eta ez dago inolako katedrarik edo antzeko erakunderik unibertsitateari lotuta". Areago, zehaztu duenez, "EHUn ez dago inolako proiekturik bere egituran horrelako katedrarik txertatzeko".
Azaldu du EHUk badituela lankidetza harremanak Euskal Herriko erakunde, elkarte eta enpresa ugarirekin, baita enpresa elkarteekin ere, "baina unibertsitateko katedren sorrera euskal unibertsitate publikoko gobernu organoen eskuduntza bakarra eta esklusiboa da". ELAk aipatutako Confebasken katedra, hortaz, "enpresa erakunde batek izen horrekin eratutako entitate bat da, baina ez dago EHUren barruan, ezta EHUra atxikita ere".
"Klase interes jakinak"
Adolfo Muñozek gidatutako sindikatuak, ostera, EHUrekin lotu du Confebasken katedra, eta adierazi du Juanjo Alvarezek sinatutako dokumentu bat daukala esku artean, Unibertsitate-Enpresa Katedra proiektua izenekoa. Agiri horrek erakunde sindikalak, sozialak eta politikoak deskalifikatzen dituela uste du ELAk. "Esaterako, aipatzen denez, protestarako joera 'inposatzen da [...] arduragabekeriaren kultura sustatzen duelako [...] eta zilegitasun sozial bikitimista hori bereganatzeko aukera ematen duelako protesta egiteko, deskalifikatzeko eta etengabeko konfrontazio diskurtso bat egituratzeko'".
Mezu hori "iraingarria" da ELArentzat, "ez soilik inteligentziarentzat, baita erakunde akademiko publiko batek lehenetsi beharko lukeen gutxieneko orekari dagokionez ere". Dokumentu berean beste helburu bat ere proposatzen dela ohartarazi du Adolfo Muñozek gidatutako sindikatuak: "[...] enpresa berriaren, lan harreman berrien balioak herritarren artean hedatzea lehiakortasuna hobetzeko bide gisa [...]".
ELAren iritziz, ez da onargarria EHU prest egotea patronalak nahi duen lan harreman eredua hedatzeko, "zeinak deskalifikatu egiten baikaitu era antolatuan aurre egiten diogunok hala enpresek ezartzen duten prekaritate hazkorrari, nola erakundeek aplikatzen dituzten politika neoliberalei". Confebasken katedrak "klase interes jakinak" aldezten dituela salatu du ELAk, eta gaineratu du EHU horiek antolatzetik salbu egon beharko litzatekeela, "balio publiko batzuk bere gain jarri direlako".
Sindikatuaren esanetan, ez da onargarria euskal hezkuntza sistema publikoan enpresaburuen balioak eta interesak hedatzea: "Unibertsitateak gizarte demokratikoan pentsamendu kritikoari bidea ireki behar dio, eta zaindu egin behar du beregana prestakuntza jasotzera jotzen dutenak ez daitezen egon botere korporatiboaren esanetara. Hain zuzen, helburu horietarako patronalak bai baititu bere fundazioak, baita bera babesten duten finantza botereenak ere".