Abenduaren 29an Arkema Quimicaren beste ohar bat jaso zuten Alonsotegiko langileek. Multinazionalak lantegia ixteko asmoarekin jarraitzen duela zioen. Irailean eman zuen erabakiaren berri, eta irailaren 25az geroztik greban daude ia 60 beharginak.
Berriki amaitu da bigarren negoziazio epea —lehen erregulazio espedientea erretiratu egin zuen enpresak, baina segidan beste bat aurkeztu zuen—. Fase horretan zuzendaritzak izandako jarrera salatu du ELAk. "Xantaia egiten ari da. Horren adibide argia da erretiratu egin duela kalte ordainen eskaintza. Ixteko arrazoi faltsuak erosi nahi ditu, langileen tortura are handiago eginez".
Sindikatuaren esanetan, ez dago ekonomiari, ekoizpenari eta antolakuntzari lotutako arrazoirik Alonsotegiko lantegia ixteko. "Deslokalizazio kasu argia da".
Jaurlaritzako Industria Sailaren eta Bizkaiko Diputazioaren jarrera ere gaitzetsi du. "Badakigu badaudela balizko erosleak, baina haiei buruz dakitena esateko begirunerik ez dute izan".
ELAk gogoratu du Arkemak 390 milioi euroren irabakiak izan dituela, eta 2014a ere irabaziekin amaitu duela. Hala, lanpostuen alde, beharginak borrokan jarraitzeko prest daudela azaldu du.