Ehun kilo antxoa arrantzale bakoitzeko, eta salmenta, bi egunetan bakarrik

Bizkaiko, Gipuzkoako eta Kantabriako arrantzaleek murrizketak onartu dituzte aste honetarako

jakes goikoetxea
2010eko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Arrantzaleek beren buruari ezarritako murrizketak zorroztea erabaki dute, orain artean harrapatutako antxoa gehiena txikia dela, sardinaren nahastuta dagoela eta merkatuan oso merke saldu dutela ikusita: ontziek gehienez ehun kilo harrapatu ahal izango dituzte arrantzale bakoitzeko, eta antxoa astean bi egunetan bakarrik salduko dute, gaur eta bihar. Murrizketa handia da, aurretik ezarritako muga 900 kilokoa baitzen arrantzaleko.

Murrizketak aste honetan aplikatuko dituzte, eta datorren astelehenean erabakiko dute aurrera egin edo ez, Bilbon, harrapatutako antxoaren tamainaren eta merkatuan lortutako prezioaren arabera. Astez asteko plangintza egingo dute.

Proposamena Gipuzkoako Kofradien Federazioarena izan da. Bizkaikoek eta Kantabriakoek (Espainia) onartu egin zuten, atzo Santoñan egindako bileran. Baita Asturiaskoek (Espainia) eta Galiziakoek ere, telefonoz baieztatu zutenez.

Antxoaren kasuan tamainak garrantzia du. Antxoa txikia, freskoan kontsumitzen dena, merkeagoa izan ohi da; handia, kontserbetarako erabiltzen dena, garestiagoa. Horregatik, arrantzaleek nahiago dute antxoa handia harrapatu, berentzat errentagarriagoa baita. Eta antxoa txikiak kuotaren ahalik eta zati txikiena kentzea nahi dute, kuota oso txikia baita, 5.400 tonakoa. Era berean, gutxieneko jarduera bermatu nahi dute, lehorrean ez geratzeko.

Oraingoz antxoa txikia harrapatu dute batez ere. Handia apirilean harrapatu ohi da, baina ia bost urteko debekuaren ostean ez dakite zer gertatuko den.

Antxoa dezente harrapatu dute martxoa izateko. Hala ere, prezioak oso apalak izan dira. Astearteko kilo apurrak bisiguaren prezioan saldu zituzten; asteazkenekoak, berriz, nekez pasa ziren bost eurotik, kasu batzuetan ez zituzten bi euroak gainditu eta 5.000-8.000 kilo saldu ezinik geratu ziren.

Eugenio Elduaien Gipuzkoako Kofradien Federazioko presidentearen iritziz, aurreko astean harrapatutako antxoak, berez, kiloko bost edo sei euroko prezioa izan behar zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.