Azken urteotan pilatu duen zorrari aurre egin ezinik dabil Oiartzungo Ramon Vizcaino enpresa. lauehun langiletik ehun kaleratuko dituela iragarri du, eta lantegian jarraituko dutenei soldatak jaitsiko dizkiela. Baina litekeena da hori nahikoa ez izatea. Gizarte Segurantzako Altxortegiak zorra atzeratzea onartzen ez badio, enpresak ateak itxi beharko lituzke behin betiko.
Hirurogeita hamar urteko historian, sekula ez da porrotetik hain gertu egon Oiartzungo enpresa hori. Garairik onenean, 1972. urtean, bi lantegi —Donostiako Herrera auzoan bata eta Oiartzunen bestea— eta 1.700 langile izatera iritsi zen. Hotz industrialaren sektorean penintsulako hornitzailerik garrantzitsuena zen, merkatu kuotaren %70ekin, eta atzerrira ere asko saltzen zuen. Baina azken urteotan Espainiako Altxortegiarekin egin duen zorraren ondorioz, Gizarte Segurantzak kontu guztiak bahitu zizkion duela hilabete batzuk. Ondorioz, ekoizpena gelditu egin behar izan du, ez baitauka hornitzaileei ordaintzeko dirurik.
Uda aurretik, Konkurtso Legera jotzeko zorian egon zen. Baina AIAC talde estatubatuarrak, Jaurlaritzak, Gipuzkoako Aldundiak eta Kutxak laguntzea erabaki zuten. AIACek enpresa zulotik ateratzekotan, beste hirurak diruz laguntzeko prest azaldu ziren. Horretarako, ordea, Gizarte Segurantzak zorra atzeratzea onartu beharko dio aurrena, mailegua emateko baldintza hori jarri baitzioten Jaurlaritzak eta Kutxak.
Ehun langile kaleratuko ditu Oiartzungo Ramon Vizcaino enpresak
Kutxa eta Jaurlaritza diruz laguntzeko prest daude, baina solilik Gizarte Segurantzak zorra atzeratzen badio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu