LANGABEZI LAGUNTZAK

Ehunka lagun langabezia saririk gabe Iparraldean

Urte berriarekin indarrean jarritako erreformek laguntzak jasotzeko aukerak murriztu dizkiete lanik gabe daudenei

ENEKO BIDEGAIN
BAIONA
2004ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Hobe ez «Urte berri on» ahoskatzea zenbait etxetan, aurten. 2004ak milaka eta milaka lagunen moltsak arinduko ditu, Frantzian eta Ipar Euskal Herrian, langabeziaren inguruko hainbat neurri berrien ondorioz. Miarritzeko bikote honek pentsatu baino 3.600 euro gutxiagorekin bizi behar izanen du datozen lau hilabeteetan. Gizona lanean ari da. Emaztea langa-bezian dago. Oraindik lau hilabeteren langabezi sariaren eskubidea zeukan. Bainan 2002ko abenduan, Unedic akordio berria izenpetu ondoan, gauzak aldatu dira. Akordio berria martxan ezarri da urte hasieratik hona.

Langabezia eskubideen kalkulatzeko modu berriaren arabera, ia 180.000 lagun egunetik biharamunera, eskubide hori gabe gelditu dira Frantzian. Bi urtez, 500.000 laguni murriztuko zaizkie langabezia eskubideak. Ehunka dira Ipar Euskal Herrian. Miarritzeko emazte horrek ez du bertze inolako laguntzarik eskuratuko, senarraren soldatarekin, etxean lortzen duten diru iturriak ez diolako horretarako eskubiderik ematen. Neurri horren ondorioz, batzuek 14 hilabeteko eskubideak galduko dituzte.Langabezi sari horretatik kanpo gelditzen direnen zati batek, izanen du bertze diru iturri batzuen aukera. Bakarrik bizi direnek, edo beren bikotekidearekin batera 1.400 euro baino gehiago irabazten ez dutenek, ASS edo Elkartasunerako laguntza berezia eskuratu ahal izanen dute. Ez du bizi maila ona eramateko ahalik eskaintzen, gehien-gehienik 949,20 euro irabaz baitaitezke (1.491,60 euro bikote baten kasuan), gainerateko laguntza guztiak batu ondoan.Eta askok ez dute horretarako aukerarik izanen ere. Azken hamar urteetan bost urtez lan egitea eskatzen da ASS alokazioa lortu ahal izateko. Langabezian diren gazteek, beraz, ez dute laguntza horren zentimo bat ere ikusiko. Eta 25 urtez beherakoek ez dute RMIaren (Gizarteratzeko gutxiengo errenta) eskubiderik ere. Adin horretatik gorakoetan, anitz RMIra zuzenduko dira, Luhuson bizi den gizon hau bezala. Azken hamar urteetan, bost urtez baino gutxiagoz lan egin du. Langabezi laguntzamoztuko diote hilabete honetan. Berriz ere RMIarako paperak bete behar izanen ditu, hilabetean 411 euro irabazteko, asko jota.

Iraupen luzeko langabeziaren kontra

ASSean direnek ere RMIa dute helmugan. Zeren eta Frantziako Gobernuak 2004erako prestatu duen bigarren aldaketak, iraupen luzeko langabeak joko baititu. Orain arte, ASS alokazioa mugagabea zen. Orain, bi urtekoa izanen da. Unedic akordioaren ondorioz, bat batean ASSera joko duten langabeen kopurua anitz igoko dela aurrikusiz, alor horretan ekonomiak egiteko bidea aurkitu behar zuten: denboran mugatzea. Azken urteetan ASSa hunkitzen dutenek, aurten, egunetik biharamunera, hau galduko dute. Neurri hau uztailaren 1ean jarriko da indarrean, 130.000 lagunentzat (Ipar Euskal Herrian 500 bat lagunentzat). Gaur egun, Frantzian 420.000 dira alokazio hori daukatenak.

Donibane Lohizunen bizi den bikote honen ASS eskubideak orain hasiko dira, besteak bukatu ondoan. «Gero, ez dakigu nola eginen dugun». Senarrak, kanporaketa ekonomiko baten ondorioz, lana galdu zuenetik, bizia errotik aldatu zitzaien. Parisen bizi ziren. «Biziki-biziki ongi pagatua nintzen». Bainan adina dela-eta, ez zuen lortu bertze lan baten aurkitzea, are gutxiago baldintza beretan. Parisen ezin biziz, Donibane Lohizunera etorri ziren. Haien ametsa «biziko azken egunak Pariseko stress-etik urrun» iragaitea bazen ere, azkenean pisu txiki batean iragaiten dituzte urte horiek. Ahal bezala, «egunean egunekoa» kudeatuz, sasoineko lanetan. «Martxoan frantses porruak eta gero pastenagreak». Merkatuz merkatu, lan txikiakÉ bizia ateratzeko.Denek ez dute indar hori. «Zertarako lan txikien bila ibili?» galdeginen du batek baino gehiagok. Eskubide guztiak galdu ondoan, RMIa gelditzen da. Ez berehala, ordea. Hiru hilabetez batere irabazirik gabe egon ondoan lortzen da eskubide hori. Ondorioz, Luhusoko gizon honek dionaren arabera, «lan ttipi baten aurkitzea ez da interesgarri. Soldata poxi batentzat, eskubideak galtzen dira». Hilabete batez soldata txiki bat irabaztea aski da, gero, bertze hiru hilabetez ezer gabe gelditzeko. Gainera, lan eskaintza gehienak sei hilabete baino gutxiagokoak dira. «Beraz, RMIak ez du laguntzen lan mundura itzultzea».

RMA, langileentzat kalte

Alta, RMIan direnak lanera itzultzen laguntzeko neurria sortuko da urte berriarekin batera. Hori da, bederen, Frantziako Gobernuak agertu xedea, RMI-RMA neurriarekin (Aktibitaterako Gutxiengo Errenta). Urte batez RMIan direnek, lan bat onartu behar izanen dute, astean 20 orenekoa, RMI horrez gain (411 euro) 130 euro gehiago irabaztearen truke. Sei hilabeteko kontratua bi aldiz berritu ahal izanen da. Horren ondotik, ez da lanpostua ziurtatua. RMIra itzultzea, bai, hain segur. Baina langabeen elkarteak eta zenbait laguntzaile sozial jadanik kezkatuak dira, ea RMI neurriaren luzapenak etorkizunik izanen ote duen.

Eta zer gerta liteke, norbaitek ez badu proposatzen dioten RMA lana onartzen? Langile sozialek ez dute erantzuna ezagutzen. Ez dute baztertzen RMI neurritik kanporatua izateko aukera. Baionan lanean ari den laguntzaile sozial batek dionaren arabera, RMIa hunkitzen duten askorentzat ez da mesedegarri izanen RMA. Hilabetean 130 euro gehiago irabazteak, RMIdunei ekidinen lieke CMU (Eritasunetarako babes unibertsala) lortzea. RMIdunek badute eskubide hori. Horrek, artatze gastuak ez ordaintzeko ahala ematen die. Hori gabe, zailago izanen dute artatzea, Gizarte Segurantzak ez baititu gastu guztiak bere gain hartzen. RMArekin irabaziko duten diruak ez die aseguru gehigarria ordaintzeko biderik ematen. Horrez gain, RMIdun anitzek laneko lekura joateko zailtasunak dituzte. Autorik gabe, toki askotara ezin da joan, Ipar Euskal Herrian bederen. RMA kontratu gehienak ostalaritza, eraikuntza eta garbiketa alorretakoak lirateke, sektore horietan direlako langileak nekez atxemaiten, Michel Bernadet AC! elkarteko kidearen arabera, «lan horiek gaizki ordaintzen dira».Langabeen elkarte horretako arduradunaren ustez, RMAk ez du lagunduko soldaten hobetzea. Nagusiek 130 euro baizik ez dituzte ordaindu beharko langileak. RMIari dagokion zatia departamenduak ordainduko du. RMA, nagusientzat, lan esku merke-merkea izanen dela abisatu zuen Bernadetek. Gainera, kotizazio sozialik ez dute ia batere ordaindu beharko. Lan horren truke, RMAn direnek ez dute erretretarako eta langabezia eskubideetarako aukerarik eskuratuko. Edo ia batere.RMAn direnak hartuz, AC! beldur da nagusiek ez ote duten langile gutxiago hartuko beren lantegian. Ondorioz, neurri berri hori kaltegarri izan daiteke langileentzat eta soldatentzat.Isilik egon dira bazterrak. Bernadet haserre dago sindikatuen aurka, neurri horiek langabeentzat bezainbat ondorio kaltegarri lituzketelako langileentzat. «Diskrezioz jokatu dute Assedicek. Otsailean, milaka lagun dirurik gabe geldituko direnean, iratzartze latza ezagutuko dutela iragarri zuen Bernadetek.

Hiru aldaketa nagusi langabeentzat





Unedic. Unedicen zorra estali asmoz, CFDTk, CFTCk eta CGCk patronalarekin adostu zuten langabezi sariaren ordainketa berria. Ondorioz, askori saria jasotzeko epea moztu diete.

ASS murriztea. Langabezia eskubideen bukaeran direnek, ASS (Elkartasunerako laguntza berezia) bi urtez bakarrik jaso ahal izanen dute. Orain arte mugagabea zen.

RMI-RMA. RMI egoeran direnek, RMAren bitartez (Aktibitaterako gutxiengo errenta) astean hogei orduko lan bat egin beharko dute, hilabetean 130 euro gehiagoren truke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.