Ekonomia

EHUren lan txostenak "ahulezia kezkagarria" antzeman dio euskal ekonomiari

Aurtengo lehen hiruhilekoan 13.000 lanpostu galdu direla ondorioztatu du, eta 44 urtetik gorako langabeek bizi dutela egoerarik "zailena"

Jon Fernandez.
2014ko ekainaren 4a
11:49
Entzun

Atzoko langabezia erregistratuaren datuek baino baikortasunerako tarte txikiagoa laga du EHUk hiru hilabetean behin argitaratzen duen Euskadi Lan Txostenak. Sara de la Ricak koordinatutako unibertsitateko ikertzaile taldeak nabarmendu du 2014ko lehen hiruhilekoan 46.000 pertsona baino gehiagok galdu dutela lana EAEn eta, aldiz, 33.000k lortu dutela kontratu berri bat sinatzea. Beraz, urtarriletik martxora, enplegu galera garbia 13.000 pertsona ingurukoa izan da. "Datu hau ezberdina da aurreko hiruhilekoetakoekin alderatuta, non enplegu sortze garbia lortu zen", azaldu du txostenak. 

Sortutako enplegu berriari dagoekionean, berriz, ondorioztatu dute kontratu berrien sinatzaileen artean jaitsi egin dela batez besteko adina: langile berrien %56 35 urtetik beherako gazteak dira. Gainera, kontratu berriak sinatu dituztenen %36k unibertsitateko ikasketak dituzte. "Zerbitzuena izan da hiruhileko honetan enplegu gehien sortu duen sektorea, baina igoera garrantzitsu eta positiboa eman da industriaren pisu erlatiboan, sarrera berrien %20arekin", nabarmendu du txostenak. 

Datu ezkorren artean, berriz, aipatzekoa da nabarmen handitu dela sei hilabete baino gehiago langabezian daudenen pisu erlatiboa. Lana lortu duten guztien aretan ia hirutik bi sei hilabete baino gehiago zeuden langabezian. Gainera, lehen hiruhilekoan sinatu diren lan kontratuen %90 aldi baterakoak izan dira. 

Txostenaren arabera, nolanahi ere, 44 urtetik gorako langabeena da "egoerarik bereziki kezkagarriena Euskadiko lan merkatuan". Lana galdu duten hamar pertsonatik lau talde horretakoak dira. Bestalde, lehen hiruhilekoan lanik barik geratu direnen %76 zerbitzu sektorekoak izan dira, %14 industriakoak eta %8 eraikuntzakoak. Hiru langiletik batek zeukan kontratu mugagabea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.