MERKATARITZA

Ekainaren 14rako grebara deitu dute ELAk eta LABek saltokietan

Lanuzteak egun osokoak izango dira jaiegunetan irekiko duten dendetan

2005eko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko merkataritzan grebara deitu dute ELAk eta LABek ekainaren 14rako. Zuzen esanda, egun osoko lanuzteak bultzatuko dituzte jaiegunetan ireki asmo duten merkataritza gune handietan. Itxita segitzearen alde egin duten saltokietan, aldiz, ordu bikoak izango dira lanuzteak. «Betiko gizarte ohiturak» aldatu nahi dituzte «enpresaburu asegaitzek» eta ezinbestekoa da «borroka indartzea».

ELAk eta LABek, beraz, ekainaren 14ko protestetan parte hartzeko gonbita egin diete beste sindikatuei, sektoreko langileei eta kontsumitzaileei. «Asko dago jokoan aurten. Gerra bat da hau: saltoki txikiak amaitu, langileen aisialdia mugatu eta modernotasunaren irudi kontsumista zabaldu nahi dute», salatu zuen ELAko Zerbitzuak Federazioko buru Unai Martinezek atzo, bi jaiegunetan (uztailaren 3an eta abenduaren 4an) ateak zabaltzea erabaki duten merkataritza guneez ari zela.Egun osoko lanuztera deituko dute Ikea, Corte Ingles, Zara, Carrefour, Sabeco, Alcampo, Conforama, Toys R'us, Decathlon, AKI eta Todo-Todon, «jaiegunetan ateak ixteko konpromiso argia hartu ezean».Lanuzteak bi ordukoak izango dira beste saltokietan: Eroski, Media Markt, Leroy Merlin eta Dia, Ercoreca, Ceal eta Lidl supermerkatuetan, besteren artean. «Zerrenda beltzean» jarri dituzten saltokiek laster langile, merkatari eta kontsumitzaileen «gehiengoarekin» bat egitea dute erronka sindikatuek.

Dirutza, «langileen lepotik»

Martinezek zehaztu zuen saltoki handien irabaziak %8,5 handitu direla urtebetean. Dirua erruz irabazi, baina «langileen lepotik etekin are handiagoak» pilatu nahi dituzte. Jaiegunetan irekitzeko argudioak ekarri zituen gogora. Enpresaburuek esan diete lan munduan murgildu dela emakumea, eta erosteko denbora gehiago behar duela.

«Jendea igande batean alkandora bat erostera beste autonomia erkidego batera joango den beldur ei dira, gainera». Argudio horiek zentzugabeak direla, eta benetan nahi dutena saltoki txikiak ezabatzea dela berretsi zuen LABeko Zerbitzuak Saileko buru Olatz Arozenak. Hurrengo Eusko Jaurlaritzari eskatu zion jaiegunetan denek jai edukiko dutela bermatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.