Urteko lehen sei hilabeteetan prezioak %1,9 igo dira Hego Euskal Herrian, INE Espainiako Estatistika Erakundeak atzo emandako datuen arabera. Laugarren hilabetez jarraian, prezioek oro har gora egin zuten ekainean; %0,1 zehatz esateko. Urte arteko datuari erreparatuz gero, batez beste %3,4koa da Hegoaldeko inflazio tasa. Maiatzean ere %3,4koa izan zen.
Prezioen bilakaera atalka begiratuz gero, aisia eta kultura izan dira ekainean prezio igoerarik handienak izan dituzten alorrak: 0,7 eta %1,3 bitartean igo dira lau herrialdeetan. LABen iritziz, igoera hori sektore turistikoak oporren gertuera dela-eta izan ohi duen prezioen igoeraren ondorio da. Jantziak eta oinetakoak izan dira, berriz, gehien merkatu diren artikuluak: %0,2 eta %1,2 artean.LAB sindikatuak komunikabideei igorritako informazioaren arabera, urtarrileko eta otsaileko datuak albo batera utziz gero, prezioak «etengabe» igo dira, etaepe laburrean joera ez dela aldatuko uste du. «Europako agintariek erabakia atzeratu nahi duten arren, kontrolik gabeko informazioak epe ez oso luzean interes tasen igoera ekar lezake, eta erabaki horrek eragin larriak izango lituzke azkenaldian hipotekaren bat sinatu duten euskal famili ugarirengan», dio LABek.Confebask «arduratuta» agertu da prezioak goian jarraitzen dutelako eta inflazioak igotzen jarraitu duelako. Euroguneko batez bestearekiko %1,1eko aldea dagoela oroitarazi eta enpresei merkatuotan lehiatzeko eragozpenak sortuko dizkiela adierazi du. Lehiakortasuna sustatzeko eta petrolioarekiko menpekotasuna gutxitzeko erreforma politika «ausartaren» aldekoa da Confebask.Bestetik, Espainian %0,2 garestitu ziren prezioak iragan hilean, eta urte arteko tasa %3,5ekoa izan zen. INSEE estatistika erakundeak Frantziako datuak kaleratu zituen atzo. Prezioak maiatzetik ekainera ez ziren aldatu, eta urte arteko inflazioa, berriz, %2,4koa izan zen.
Ekainean %0,1 igo dira prezioak Hegoaldean
Urte hasieratik inflazioa %1,9ra iritsi da, eta urte artekoa %3,4an dago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu