Herrialde gehienetan ia %4,5 garestitzeraino iritsi dira tabakoa eta edari alkoholdunak; Araban, Bizkaian eta Nafarroan, esaterako. Gipuzkoan, berriz, igoera txikiagoa izan du, %3,7koa. Ekainaren hasieran erabaki zuen Espainiako Gobernuak tabakoaren eta erregaiaren zergak igotzea, eta ekainean bertan aplikatu dira. Beraz, tabako kaxa garestienak, esaterako, %6,2ko igoera izan du. Nabarmena da arlo horretan urte hasieratik izan den garestitzea: Bizkaian, esaterako, %8koa.
Erregaiak, berriz, litroko 2,9 euro garestitu dira. Eta, horrenbestez, garraioan ere nabaritu da prezioen gorakada: oro har, %2 ingurukoa.
Bakarrik arlo nagusi batean merkatu dira prezioak Hegoaldeko herrialde guztietan ekainean:arropa eta oinetakoetan. Batez ere, merkealdi aurreko deskontuak direla-eta zabaldu da joera hori. Hala ere, urte hasieratik izan duen bilakaerari begiratuta merkatzea nabarmengoa izan da: Bizkaian %5,8koa, Gipuzkoan %2,8koa, Araban %3,4koa eta Nafarroan %2,2koa.
Inflazioak, berriz, beheraka jarraitzen du. Batez ere, iazko eta aurtengo petrolioaren prezioaren artean dagoen aldeak eragin du hori. Iazko ekainean batez beste 132,44 dolarrekoa izan zen Brent upelaren prezioa. Atzo, aldiz, 61 dolarren bueltan zegoen. Adituen arabera, batez besteko horretan mantentzen baldin bada, litekeena da udazkenetik aurrera inflazioa berriz ere positiboa izatea. Batzuek urritik aurrera espero dute igoera; beste batzuek, berriz, azarotik aurrera. Aurreikuspenak betetzen baldin badira, urtea %1aren bueltan itxiko luke inflazioak.
Hala eta guztiz ere, uztailean espero dute adituek inflazioaren beherakada handiena. Izan ere, orduan iritsi zen petrolioa mailarik gorenera. Orduan133,18 dolarreko batez bestekoa izan zuen Brentak.
Soldata igoerak
Sindikatuak, berriz, ez dira adituak bezain baikor agertu. Hala, urteamaieran inflazioa zerotik azpikoa izanik ere, soldatak igotzeko eskatuko dute. ELAk gogorarazi duenez, krisi ekonomikoa ez dute soldatek eragin, eta hortaz, ez langileek ez lukete prezioa ordaindu behar. Euskadiko CCOOk, bere aldetik, %2 inguruko soldata igoerak proposatu ditu, hori baita Europako Banku Zentralak egin duen inflazio aurreikuspena.
CCOOk bezalaxe, UGT-Euskadik gogorarazi du kontsumoa bultzatzea ona dela jarduera ekonomikoarentzat, eta horregatik eskatu du familiek diru gehiago izatea esku artean.
CEOE Espainiako patronalak ez du espreski aipatu soldatak jaisteko aukera, bere iritziz, udazkenetik aurrera inflazioa berriro zerotik gorakoa izango delako. Hori bai, «ahalegin esanguratsua» eskatu du enpresen kostuak gutxitu eta enpresen lehiakortasunari eusteko.
Erreakzioak
ELA«Urte bukaerako KPIa negatiboa izan daitekeen arren, soldatak igotzeko babes klausula sartu behar da. Soldatek ez dute krisia sortu, eta, beraz, ez dute zertan krisiaren ondoriorik ordaindu. Ekonomiaren egoera hobetzen lagunduko duten soldata igoeren alde borrokatzen jarraitu beharra daukagu».
Euskadiko CCOO
«Azken urtean batez bestekoa baino gehiago garestitu dira oinarrizko hainbat ondasun. Familientzat, prezioen igoeraren irudipena KPIak neurtzen dituen estatistikena baino handiagoa da. Ezinbestekoa da soldaten erosteko ahalmenari eustea eta EBZren inflazio aurreikuspenean oinarritzea (%2), familien erosteko eta kontsumitzeko ahalmena bultzatzeko».
Maribel Ballesteros
UGT-Euskadiko ekintza sindikaleko burua
«Ezinbestekoa da soldaten igoerari eustea, langileei bermeak emateko eta, kontsumo handiagoaren bitartez, ekonomia eta enplegua sustatzeko».
CEOE
«Deflazio prozesurako arriskurik ez dago, ez dagoelako prezioen jaitsiera orokorrik. Petrolioaren prezioen beherakadaren behin-behineko efektua amaitzen denean, udazkenean, berriro igoko dira».