Arabako Errioxako ardo ekoizleen artean kezka areagotu da azken orduetan. Astelehen arratsalde honetan izandako euriteak berriz ere kalte egin die inguruko mahasti batzuei, duela bi aste gertatu zen bezala, eta galera handien beldurra berriz zabaldu da eskualdean.
Berriz ere euria, eta berriz ere kezka Arabako Errioxan; Lapueblako irudi hauek dira horren lekuko. Gure elkartasuna bertako nekazariekin eta herritar guztiekin. pic.twitter.com/qzlFFCER61
— Kike Fdz de Pinedo (@KikeFdzdePinedo) June 14, 2021
Ekainaren 3an, Arabako Errioxak azken 30 urteetako txingor ekaitzik gogorrenetako bat jasan zuen, kalteei dagokienez. Arabako Foru Aldundiak azaldu zuen ehunen bat hektarea mahasti erabat galdu zirela, eta beste 300-500 hektareak, berriz, «kalte nabarmenak» izan zituztela; mahatsaren erdia galtzeko arriskua zeukaten. Oiongo eta Ekorako ekoizleek nabaritu zuten gehienbat, Agrosegurok egindako txostenaren arabera: ekaitzek mahastietan egindako kaltea 1,3 milioi eurokoa izan zela ondorioztatu zuen.