Emaitzak

Ekoizpena %3,1 handitu du esku erreminten eta industria hornikuntzaren sektoreak

"Desazelerazio arrastoak sumatzen hasi badira ere, 2019rako baikor gaude oraindik", adierazi du Eskuin klusterreko buruak.

Behargin bat, makina-erremintaren biurteko azokan, Barakaldon, 2016an. LUIS JAUREGALTZO / FOKU
Jon Fernandez.
2019ko otsailaren 28a
15:25
Entzun

"Gehiagotik gutxiagora joan da 2018a, eta nazioarteko merkatuek baino dinamismo handiagoa agertu du barne merkatuak", azaldu du Eskuin Burdineriako eta Industria Hornikuntzako Klusterreko presidente Cesar Sainzek. Iaz, 369 milioi eurora iritsi zen klusterreko kideen ekoizpena, 2017an baino %3,1 gehiago. Gorakada horri barne merkatuak eman zion bultzadarik handiena, salmentak %4,78 igota; esportazioek ere gora egin zuten iaz, baina indar txikiagoarekin, %1,3 hazi baitziren.

"Aurtengo kopuruak onak dira, oro har, eta, urtea nahiko ongi abiatu arren, badirudi egoera zailtzen hasi dela. 2019rako ikuspegi onak ditugu, gure enpresa elkartuen aurreikuspenetan oinarrituta, baina, industria sektore gehienek bezala, desazelerazio apur bat igarri dugu", ohartarazi du Sainzek.

Barne merkatuko bezeroei erreparatuz gero, industria sektorea dute bezero nagusi Eskuineko konpainia bazkideek: salmenten ia %50 hartu ditu industriak (iaz baino %3,3 gehiago), eta eraikuntzak hartu ditu salmenten %43,6 (+%7,21).

Esportazioei dagokienez, Europako Batasunera joan dira salmenten %71,2, Amerikara %11,8, Ekialde Hurbilera %7,4 eta Afrikara %3,7.

Halaber, Eskuinek nabarmendu du enpleguak egonkor eutsi diola 2018an: esku erreminten eta industria hornikuntzaren sektoreak 1.900 inguru langile enplegatu zituen iaz, 2017ko eta 2016ko kopuru bera.

Ekonomiaren desazelerazio arrastoak sumatzen hasi arren, 2019rako "itxaropen baikorra" daukala azaldu du Eskuineko presidenteak: "Espero dugu ekoizpenean eta esportazioan azken bost urteetan bezala hazten jarraitu ahal izango dugula".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.