Ekonomia %8,7 uzkurtuko da aurten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Pedro Azpiazuren arabera, 68.000 enplegu galduko dira aurten, eta 48.000 berreskuratu 2021ean. Erakundeen diru bilketa %18 murriztuko dela aurreikusi du, baina azaldu du kontu publikoak orekatzeko modua zorpetzea izango dela, austeritate politikak baztertuz. Sektore publikoan asmoa soldatak mantentzea dela dio Jaurlaritzak, ez duela soldatak jaistea aurreikusten «inola ere».

Alberto Alberdi eta Pedro Azpiazu, agerraldiaren aurretik. P.ORIBE
Irune Lasa.
2020ko ekainaren 9a
14:29
Entzun

Legegintzaldiko agerraldirik gogorrena zuela aitortu du gaur Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuak. Apirileko iragarpen beltzak ilunagoak dira orain. «Oso egoera ekonomiko zaila dugu aurrean. Egoera zaila da benetan», esan du, eta gaineratu gobernua jabetuta dagoela euskal ekonomia, Europakoa eta ekonomia globala bera nozitzen ari diren «krisi ekonomikoaren larritasunaz eta intentsitateaz».

Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuak panorama azaldu du: aurten ekonomiak atzeraldi sakona izango du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. BPGa %8,7 uzkurtuko da; gero, 2021. urtean, %6,7 handitu.

Enpleguarena da beste datu lazgarri bat. Urte honetan lanaldi osoko 68.000 enplegu galduko dira  (-%7). Espero dute 48.000 enplegu sortuko direla hurrengo urtean (+%5). Horiek horrela, langabezia tasa asko urrunduko da Jaurlaritzak legegintzarako zuen %10eko helburutik. Urtea %13,7ko langabezia tasarekin itxiko dute Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak. Eta 2021eko tasa murriztu egingo da, %12,2ko batezbestekora.

Sektore ekonomikoei dagokienez, geldialdiari gehien igarriko diotenak zerbitzuak (-%9) eta industria (-%7,8) dira, nahiz eta 2021ean pixka bat handituko diren, %,6,9 eta %6,4, hurrenez hurren.

Bilketa, %18 behera

Erakunde publikoen diru sarreratan galera handia izango da, argi dago, nahiz eta Azpiazuk gaur apirilean baino datu hobea eman. Ogasun sailburuaren uneotako lan hipotesia da diru bilketan %18 inguru txikituko dela, hots, ekarpenak 2.000 milioi euro txikiagoak izango direla.

Azpiazuk azpimarratu egin du halako egoera batean «estatuan zor txikiena duen erkidegoa» izatearen garrantzia, baita 2017az geroztik superabita izatearena ere. «Etxeko lanak eginak genituen, erlatiboki. Batzuek esaten zuten zuhurregiak ginela, baina errealitateak erakutsi du gobernuaren estrategia zuzena zela».

Diru gehiago nondik etorriko den ere zehaztu du. Jaurlaritzak 2020rako aurreikusitako zor guztia apirilean jaulki du, 900 milioi euro izateko eskuetan. Kreditu lerroak ere zabaldu ditu, beste 900 milioi eurora, eta geldikinetatik beste 300 milioi euro baliatu. Horiekin, sailburuak azaldu du nahikoa likidezia izan dutela «zerbitzu publikoak  aurreikusi bezala emateko». Pandemiako osasun gastua Europako egiturazko funtsetako Eskualdeak Garatzeko Europako Funtsaren barruan sartzeko aukera ere ikusten du Azpiazuk, eta hortik 90 milioi euroko sarrerak izango lituzke gobernuak.

Dena den, Azpiazuk uste du kontu publikoen amiltzea leuntzeko beste finantzaketa iturri batzuk izan beharko direla, Espainiako Gobernuaren 16.000 milioi euroko aparteko funtsetik erkidegoari dagokion partea aipatuz. Gai horri buruz eta euskal erakundeen zorpetzeaz hitz egin beharko dute Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak datorren ekainaren 25ean Madrilen egingo den kontzertu ekonomikoaren batzorde mistoan.

Zorpetzeko beldurrik ez

Zor publikoaren «hazkunde nabarmen bat» izango da, Ogasun sailburuaren arabera, sarreren amiltzea leuntzeko modurik inportanteena. Argi adierazi du, gainera: «Jaurlaritzak ez du inongo arazorik behar beste zorpetzeko, betiere ahalmenaren barruan, egoera honetatik modurik onenean, bizkorrenean eta bidezkoenean ateratzeko politika publiko egokienak garatu ahal izateko, bai herritarrentzat, bai enpresentzat».

Azpiazuren arabera, egongo da gero, beste doikuntza bat zehazteko, zenbat diru iritsiko den Europako Batasuneko Hurrengo Belaunaldia programatik Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara. «Adi egongo gara gure herrialdeak hortik ahalik eta gehien jaso ahal izan dezan».

Austeritatea, baztertuta

Alberto Alberdi Ekonomia sailburuordeak egoeraren berezitasuna azpimarratu du. «Krisi desberdina da, eta espero dezagun irteera ere desberdina izatea», eta azaldu du nola oraingoan munduan oso kontzientzia argia dagoen arrisku handiena geratzea dela, «eta politikak jarduera suspertzeko eraginkorrak izan behar dutela». Era berean, baztertu egin du Jaurlaritzak murrizketa handirik egitea  2020ko bere aurrekontuetan.

Alde horretatik, Europako Batzordeak egonkortasun itunerako onartutako salbuespena azpimarratu du Alberdik: «Espero dezagun neurri hori datozen urteetara luzatzea, zerga kontsolidaziorako irizpide askoz arrazoizkoagoekin iraganeko akatsak ez errepikatzeko».

Ekonomia sailburuordearen arabera, «gobernuak uste du ez dela soilik baztertu behar bigarren atzeraldira eraman gintuen austeritatearen ideia; baztertu beharra dago soldaten deflazioaren ideia ere, zeina garai hartako ezaugarria izan zen». Soldatak jaistea gauzak okertu besterik egin ez ditzakeen arrisku bat dela esan du. «Egia da elkartasunari dei egiteko tokia ere badagoela, sakrifizioen banaketa bidezko baterako deia. Horrek, sektore publikoan, soldatak mantentzea esan nahi du, inola ere ez soldatak jaistea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.