Dena den, azken urteetan euroaren balioak etengabe gora egin badu ere, euskal enpresen kanpo salmentak ez dira gutxitu. Ez behintzat Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako enpresenak. Eusko Ganberek atera berri duten txostenaren arabera, aurtengo lehen hiruhilekoan EAEko esportazioak 4.772 milioi eurorenak izan dira. Iaz epe berean baino %5 handiagoak.
2007ko datuen irakurketa ere baikorra egin du Merkataritza Ganberen Elkarteak: iaz esportazioak «nabarmen» igo ziren; aurreko urtetik %13,1 igo ziren kanpo salmentak EAEn. Nafarroan, ordea, %1,66 baino ez zuten egin gora.
Industriari dagokionez, kanpo merkaturakoek «jarrera hedakorragoa» izan zuten barne merkatuan egindakoek baino. 2006ko igoera baino txikiagoa da hori, dena den: esportazioak %16,4 igo ziren urte hartan.
Aurreko zifrak ikusita, baikor dira enpresak. Bizkaiko enpresaburuen %59k aurten ere gehiago esportatuko dutela uste dute. Bizkaiko Merkataritza Ganberak egindako enpresa perspektiben inguruko inkestaren emaitza da.
Makroekonomian, agidanez,bat gehi bat ez da beti bi izaten. Itxuran, behintzat.
Gipuzkoak, Bizkaiak eta Arabak Europara esportatzen dute gehien. Hara joaten dira esportazioen %67. Beraz, AEBetara egindako esportazioak iaz %7,2 jaitsi baziren ere, estatistiketan ez du isla handirik. Alemania eta Frantzia dira, historikoki, bezero garrantzitsuenak. Eta bi herrialde horiei iaz 2006an baino gehiago saldu zitzaien: hurrenez hurren %12 eta %4,5 gehiago, hain zuzen.
Errentagarritasunaren galera
Esportazioek behera egin ez badute ere, merkataritza tarteak murriztu egin dira. Hala dio Confebask enpresaburuen elkarteko ekonomia eta ogasun saileko Eduardo Aretxagak: «Enpresek nahiago dute bezeroei eutsi, horretarako eskaeren errentagarritasuna galdu behar badute ere».
Izan ere, nazioarteko merkatuan lan egiten duten enpresentzat, eurotan ekoitzi eta dolarretan saltzen dutenentzat, kostuak igo egin dira, eta prezioei dagokienez, lehiakortasuna galdu dute. «Larritzekoa ez, baina kezkatzekoa da hori», dio Aretxagak.
Industria sektoreko enpresak dira kaltetuenak, makina-tresna eta aeronautikari lotuak batez ere. Horiek dira euroaren eremutik kanpora gehien esportatzen dutenak. Lehengaiak dolarretan erosten dituzten Asiako enpresak dira horientzat lehiakiderik gogorrenak. Hori dela eta, hainbat enpresak kalitatea eta zerbitzua hobetzearen aldeko apustua egin dute. Beste zenbaitek, ordea, kostuak murriztu eta merkatuari bertatik heltze aldera, dolarraren eremuko herrialderen batean lantegi berria zabaldu dute. Aernnovak, kasu. Aeronautika sektoreko enpresa horri kalte handia egin dio euroak balioa handitzea. Horregatik, Mexikon bi lantegi jartzea erabaki du.
Ez da, ordea, joera hedatua. «Hori egin ahal izateko, ahalmen handia behar da», azaldu du Aretxagak. «Oso handiak diren enpresen esku baino ez dago hori».
Era berean, Adegi Gipuzkoako enpresaburuen patronaleko presidente Eduardo Zubiaurrek ekoiztera beste herrialdeetara joatea ez dela euro/dolar trukearen gorabeherengatik uste du. «Euskal enpresa gehienak txikiak eta ertainak dira, eta enpresa handien ondoan joaten dira, ez soilik AEBetara, Mexikora eta Erdialdeko Amerikara ere bai». Lekualdatzeak merkatuak hala eskatzen duelako gertatzen direla uste du, beraz, Zubiaurrek.
Lantegiak dolarraren eremura eramatea ez da, beraz, hain bistako fenomenoa. Spri bulegoaren aholkularitza dela medio, iaz atzerrian martxan jarri ziren 242 proiektuetatik gehienak Europa izan zuten jomuga: 128 lantegi zabaldu ziren euroaren eremuan. AEBetan, aldiz, 21 soilik, eta Latinoamerikan, 28. Gainontzekoak, Asian --31--, eta Afrikan eta Ekialde Hurbilean-- 34-- jarri ziren.
2002tik euroa nabari gailendu zaio dolarrari; %83ko balio handitzea izan du euroak. Egun, euroko 1,55 dolar ematen dute truke etxeek. Zenbait egunetan 1,60 ere bai. Diru bien artean izan diren gorabeherek euroaren eremuan eta dolarrarenean dauden interes tasekin daukate zerikusia, eta baita bi guneetako inflazioaren eta hazkundearen arteko aldeek eta kapitalen mugikortasunak ere.
Datua
%5
Kanpo salmenta, gora. Urtarriletik martxora bitartean Gipuzkoak, Bizkaiak eta Arabak iaz epe berean baino %5 gehiago esportatu dute. Lehen hiruhileko kanpo salmentak 4.772 milioi eurorenak izan dira.Alde eta kontra
Abantaila Erosahalmenhandiagoa1 Argazki makina japoniarrak, ordenagailu estatubatuarrak eta Txinako jostailuak, arropa eta etxetresnak elektronikoak merkeagoak dira. Baita Hego Amerikako fruta eta Afrikatik ekarritako barazkiak ere. Inportatutako produktuak, alegia.
2Aurten iaz baino erosoagoa da --patrikarako-- AEBetara bidaiatzea. Baita beren txanponak dolarraren bilakerari jarraitzen dion herrialdetara joatea ere. Zenbait kasutan 2006an baino %20 merkeago ateratzen da, eta hainbat bidaia agentziak hori erabiliko du publizitatea egiteko.
3 Energia faktura txikiagoa da enpresentzat, petrolioa eta gasa dolarretan kotizatzen baita. Azken boladan petrolioaren etengabeko garestitzeak lausotu egin du, ordea, abantaila hori.
4 Euroaren eremuko enpresek erosteko ahalmen handiagoa dute, euro baten truke dolar eta erdi baino gehiago ematen baitute banketxeek.
Desabantaila Dolar eremura esportatzeko oztopoa
1Enpresa esportatzaileen produktuek -- ertainenak eta txikienak batez ere; Euskal Herrian ohikoak dira-- garestiak dirudite, AEBetan ekoitzitako produktuen aldean.
2 Asiako txanpon «ahuletan» --yen japoniarra eta yuan txinatarra-- oinarritutako ekonomien aurrean ere ez dira lehiakorrak Europako esportatzaileak. Dibisa horietan eragin handia izan ohi dute dolarraren gorabeherek.
3 Luxuzko produktuak nazioartean saltzen dituzten Europako enpresek merkatuan parte-hartzea galtzen dute. Izen handikoak soilik eusten diote egoerari --Made in Germany etiketaren truke, esaterako, diru asko ordainduko duenik oraindik badagoelako--.
4 Kostuak merkatu aldera, zenbait enpresak lantegiak dolarraren eremuan kokatzea erabaki dute.Kaleratzeak ekar litzake horrek, han lantegiak irekitzeko bertakoak ixten badira.
Aernnova: «Dolarraren eremuan jarriko gara, ekoizpena merkatzeko»
Aeronautika sektoreaEuroaren indartzeagatik kalte handien izan duten sektoreetako bat aeronautika izan da. Adierazkorrak dira, zentzu horretan, hegazkinak egiten dituen EADS enpresako presidente Louis Galloisen hitzak: «Txanponak gora egiten duenean, dar-dar egiten dugu guk». Eta adierazkorrak, baita ere, Airbusen hornitzaile den Aernnovako erakunde harremanetarako zuzendari Jon Larrinagarenak: «Eutsiezina da egoera».
Hegazkinak egiteko lehengai gehienak eurotan erosi beharizaten ditu Aernnovak, eta dolarra dago fakturazio egituraren %65ren oinarrian. Lan kontratu guztiak ere dolarretan sinatzen ditu ekoizle handiekin, eta epe luzerako izaten dira. Txanponen arteko truke gorabeherek, beraz, Arabako enpresaren aurrekontua hankaz gora jartzen dute.
«Txanponen arteko harremana norabiderik gabekoa da, irregulartasunez betea», kexu da Larrinaga. «Ez da normala yuan txinatarrak baliorik ez irabaztea Txinako ekonomia hain indartsu dagoenean». Hori aldatzeko eskatzen dio Europako Batasunari, epe luzerako konponbidea hori dela argudiatuta.
Baina artean, dolarraren eremuan ezarri eta merkatuari barrutik «erasoko» dio Aernnovak. Hegazkinentzat egitura handiak eta osagai metalikoak egiteko bi lantegi zabalduko ditu Mexikon. Pare bat hilabete barru bukatuko dute bata, eta urte bukaerarako bestea. Ingeniaritza zentro bat ereeraikiko du Michiganen (AEBak), eta han lan egingo duten ingeniariak kontratatuko ditu. «Badugu nahikoa esperientzia, egun 150 ingeniari dauzkagu Boeing enpresarentzat lanean». Lantegiak atzerrian zabaltzeko erabakiak helburu bakarra du: « Ekoizpena merkatzea».
Arteche: «Kostuei dagokienez, Europako enpresak baino lehiakorragoak gara»
Argindarraren sektoreaArgindarraren eremuko enpresentzat transformadoreak egiten ditu Arteche lantegiak, eta 1979tik dago dolarraren eremuan ezarrita. Urte hartan zabaldu zuen Venezuelako lantegia, 1993an Mexikokoa, 1998an Argentinakoa eta 2003an Brasilgoa. Iaz beste bat AEBetan zabaldu zuen.
«Egun, dolarraren eremuan ekoiztea komenigarriagoa da», dio Artecheko zuzendari Santiago Barconek, baina «gu hor ezarri izana merkatuko mugimenduei zor zaio, ez txanponen arteko trukeari». Hala ere, egungo moduan truke gorabeherak direnean, merkatu batean baino gehiagotan egotea --Asian ere baditu lantegiak; Thailandian, adibidez-- «abantaila izugarria» dela onartzen du.
Gainera, trasformadoreak egiteko lehengaiak dolarretan ordaintzen ditu Artechek: kobrea, altzairua, aluminioa, olioak. Eta hori ere abantaila da: «Lehengaia %100 garestitu den arren, ekoizpena Europan kontzentratzen duten enpresen aldean lehiakorragoak gara, kostuei dagokienez». Saldu ere, %30 euroaren eremuan saltzen du, eta %70 dolarrarenean.
AFM: «Yenaren moduko txanpon merkea duten herrialdeak bilakatu dira gure buruhaustea»
Makina-tresna ekoizleakMakina-tresna ekoizleen bezeroen zerrendan oso behean daude dolarraren eremuko herrialdeak. AEBek zortzigarren lekua betetzen dute, eta Mexikok, txanpon propioa izan arren --pesoa-- dolarraren fluktuazioa asko sumatzen duen herrialdeak, bosgarrena.
Sektorearen erosle garrantzitsuenak Europan daude--Alemania, Frantzia eta Italia--, eta baita Asian ere --Txina eta India--. Hori horrela, AFM Espainiako Makina-tresna Ekoizleen Federazioak --hori osatzen duten %80 euskal enpresak dira-- ez dio euroaren balioa gehitzeari beldur handirik. «Gure esportazioak gutxitu ez, igo egin dira», diote AFMko ordezkariek. Azken hiru urteetan sektorearen esportazioak %40 baino gehiago igo dira, hain zuzen, «eskaera handitu delako eta gure kokapena estrategikoa delako».
Hori horrela, ez dute makina-tresnak egiten dituen enpresa askok, kostuak merkatzeko, dolarraren eremuko herrialdeetan lantegirik zabaldu, eta ez du horrelako asmorik. «Atzerrian ditugun bezeroei Euskal Herrian egindako produktuak saltzen dizkiegu, gure aktibo nagusia pertsonak eta horien jakintza baita, eta horiek lekualdatzea ez baita erraza».
Amaierako zifretan zeresan gutxi badute, halaber, dolarraren eremura egindako esportazioek, herrialde horiei saldutakoaren merkataritza marjinetan daukan eragina «oso nabarmena» dela onartu dute AFMko ordezkariek. Bai AEBei eta Kanadari saldutakoan, bai Mexikori eta Hego Amerikako herrialdeei saldutakoan.
Gehien izutzen dituztenak, ordea, itsasoz beste aldera dauden ekonomiak dira. «Japonia eta horrelako herrialdeak dira gure lehiakiderik handienak, buruhauste gehien ematen digutenak», diote. Halako ekoizleek punta-puntako teknologiaz hornitutako produktuak eskaintzen dituzte, eta txanpon merkea izanda --yena, adibidez--, prezio aldetik ere lehiakorragoak dira.
Txanpon indartsua izateari abantailak ere sumatzen dizkio, ordea, makina-tresnen sektoreko enpresa nagusiak biltzen dituen federazioak. «Eurogunearen erosahalmena handiagoa da, eta horri esker, petrolioaren garestitzeari errazago aurre egiten zaio».