Baikortasuna nagusitu da gaur BECen, makina-erramintaren BIEMH 28. erakusketa azokaren inaugurazioan. Iñigo Urkulluk defendatu du euskal ekonomia hobetzen ari dela, eta hobekuntza hori lanpostuen sorreran eragiten ari dela. Adierazi du aste honetan bertan "baieztatu" ahal izango dela joera hori. "Txarrena gainditu dugu, eta etorkizuna garbiago dago".
Enpresarien defentsa sutsua ere egin du lehendakariak. "Enpresak ez dituzte bakarrik langileek osatzen, enpresariek eta langileek baino", nabarmendu du. Bere esanetan, "ezinbestekoak dira arriskatzen duten, inbertitzen duten eta sakrifikatzen duten enpresariak. Langileak bezala, enpresariak ere sakrifikatzen direlako". Jaurlaritzak industriarekin duen konpromisoa berretsi du Urkulluk, eta iragarri du aste honetan enpresa txiki eta ertainen esportazioak laguntzeko 100 milioi euroko programa bat onartuko duela Gasteizko gobernuak. "Fabrikatzaileak gara, eta hala izaten jarraitu nahi dugu. Ohorezko mailan jarraitu nahi dugu, lehenengoak izaten jarraitu".
Antxon Lopez Usoz AFM Espainiako Makina-Erraminten Fabrikatzaileen elkarteko buruak ere baikortasunez berba egin du Barakaldoko erakustazokan. Sektorea "apurka-apurka" indarra berreskuratzen ari dela azaldu du. Krisiaren ondorioz inbertsioak gutxitu direla, baina egoerari buelta ematen ari dela sektorea: "Egoera itxaropentsua da". Halere, sektorearen biziraupenerako "gertuko inbertsoreak" berreskuratzea ezinbestekoa dela esan du, sektoreak bere produkzioaren %80 atzerrira saltzen badu ere.
Arantza Tapia Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasuneko sailburuak eta Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak ere adierazpen itxaropentsuak egin dituzte. "Negozio perspektiba itxaropentsua" da Tapiaren ustez, eta makina-erramintaren erakusketak Basque Country marka sendotzeko laguntzen du. Bilbaok, berriz, BECen defentsa sutsua egin du, azpiegituraren galerengatik kritikatzen dutenei zuzenduta: "BEC existituko ez balitz, galdu egingo genuke Makina-Erramintaren biurtekoa, eta hori kolpe oso gogorra izango litzateke Bizkaiarentzat eta Euskadirentzat".
Indartutako erakusketa
Guztira 1.314 enpresak parte hartuko dute, aurreko aldian baino %12 gehiagok. Azokaren 28. aldia izango da.
Makinak hainbat sektoretan egongo dira banatuta: txirbil-harroketa bidezko makina-erreminta; osagarriak eta erremintak; deformazio bidezko makina-erreminta; bestelako makina eta ekipoak; CAD/CAM metrologia eta kalitate kontrola; osagai hidrauliko, pneumatiko eta elektronikoa; tailer eta enpresarako zerbitzuak; erabilera eta robotika eta oxiebaketa.
Berritasun gisa, jardunaldiak antolatuko dituzte azokan; etorkizuneko teknologia, bilakaera, negozio aukerak eta 3D inprimatzearen balioa landuko dituzte, besteak beste.