Iazko abendukoa kontsumo prezioen indizeak (KPI) jarraian izandako bosgarren jaitsiera izan da. Prezioak probintzia guztietan jaitsi dira azarotik abendura: 0,6 puntu Araban eta Gipuzkoan, 0,5 Nafarroan eta 0,4 Bizkaian.
Inflazio baxu horrek eragina izango du Hego Euskal Herrian lan hitzarmenak eta soldatak negoziatzeko orduan. Gehienetan Espainiako abenduko inflazioa aplikatuko da, %,1,4koa, Hego Euskal Herrikoa baino txikiagoa. Alegia, soldatak Espainiako KPIa adina igoz gero, Hego Euskal Herriko langileek erosahalmena galduko dute.
Horri gehitu egin behar zaio jada iaz galdutako erosahalmena, urte bukaerako inflazioak ez baitu islatzen urte osoan izan den prezioen igoera. Hego Euskal Herriko datuak aintzat hartuz gero, inflazioa %4tik gorakoa izan zen urte guztian, azken hiruhilekoan izan ezik. Ekainean eta abuztuan gertuago egon zen %5etik %4tik baino, eta uztailean %5eko langa gainditu zuen (%5,2). Urtea, ordea, %1,8an amaitu du.
Horixe nabarmendu dute ELAk eta LABek. LABek uste du erosahalmenaren galera neurtzeko tresna eraginkorrena abenduko inflazioa urteko batez bestekoarekin alderatzea dela. Hego Euskal Herriko iazko batez bestekoa %4,4koa da, hau da, abendukoa baino 2,6 puntu handiagoa.
LABek gogoratu du zenbait langilek soldatetan kobratutako diruaren zati bat itzuli beharko dietela enpresei, aurreikuspenetan oinarrituta urte hasieran igoera bat aplikatzen duten arren, urte amaieran soldatak berrikusten dituztelako, abenduko inflazioaren arabera. Urteko soldatetan aplikatutako igoera abenduko inflazioa baino handiagoa bada, dirua itzuli behar dute. Alderantziz, igoera KPIa baino txikiagoa bada, dirua ematen diete aldea konpentsatzeko.
Erosahalmenaren galera ikusita, ELAk eskatu du soldatek iazko KPIak baino hazkunde handiagoa izan behar dutela, «azken urteotan lan errentek aberastasunaren banaketan izan duten galera berreskuratzeko».
Petrolioaren garrantzia
Petrolioak erabat baldintzatu zuen inflazioa iaz, petrolioak, energiak, zuzenean eragiten baitu hainbat ondasunen eta zerbitzuren prezioan. Baina ez petrolioak bakarrik. Baita krisi ekonomikoak eragindako kontsumoaren jaitsierak eta elikagaien prezioa egonkortzeak ere.
Petrolioarekiko menpekotasuna aurpegiratu die CCOOk Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari. Sindikatuak esan du prezioen jaitsiera ez dela gertatu ekonomiaren hobekuntza orokorragatik, petrolioaren prezioaren gorabeherengatik baizik. «Baldintzatu ezin dugun kanpoko faktorea», CCOOren esanetan. Hala ere, eskatu die neurriak har ditzatela menpekotasun energetikoa murrizteko eta energien erabileraren eraginkortasuna handitzeko.
Azarotik abendura garraioari dagokion atala izan da jaitsierarik handiena izan duena, %3tik gorakoa probintzia guztietan. Hala ere, ez da asko merkatu den bakarra: arropa eta oinetakoak ere asko merkatu dira, %3tik gora Araban eta Gipuzkoan, eta %1,5etik gora Bizkaian eta Nafarroan. Atal hori garestitu zen gehien, hain zuzen, irailetik urrira, neguko sasoiaren eraginagatik.
Urte arteko datuei erreparatuz, aldiz, igoera nabarmena izan dute argindarrak, gasak eta bestelako erregaiek, %10 ingurukoa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Garraio zerbitzuak ere garestitu dira: %6tik gora probintzia guztietan. Jaitsierarik handiena ibilgailuen ondasunek eta zerbitzuek izan dute, %10etik gorakoa Hego Euskal Herrian.
%5
Gasolina eta gasolioa. Azken hiru hilabeteetan gasolinaren eta gasolioaren prezioak izan duten joera aldatu egin da, eta garestitu egin dira. Espainian %5, esaterako , Europako Batasuneko Petrolio Buletinaren arabera. Hala ere, duela urtebete baino %20 merkeagoak dira.Euroguneko inflazioa %1,6koa izan da
Euroguneko prezioak %0,1 jaitsi ziren azarotik abendura, eta bertako inflazioa %2,1etik %1,6ra gutxitu zen. Tasarik baxuena da 1999ko azarotik. Europako Batasunean ere prezioek %0,1 egin dute behera, eta bertako inflazioa %2,2koa zen abenduan, azaroko %2,8koa baino txikiagoa.Ez dago deflazio arriskurik, ez baita prezioen jaitsiera orokorturik eta iraunkorrik gertatuko.
DAVID VEGARa
Espainiako Ekonomia Estatu idazkaria