EKONOMIA. PREZIOAK. Inflazioa %4,4tik %3,7ra jaitsi da, petrolioaren eraginez

Erregaiak jaitsi dira gehien urriko Kontsumo Prezioen Indizean (KPI), eta elikagaien prezioa egonkortu egin da

jakes goikoetxea
2008ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Bai petrolioak, bai elikagaiek eragin zuzena dute herritarren gastuetan. Petrolioaren prezioa jaitsi egin da, eta elikagaiena, egonkortu. Ondorioz, inflazioa jaitsi egin da Hego Euskal Herrian: %4,4tik %3,7ra. Urrikoa inflazioak jarraian izan duen laugarren jaitsiera izan da. Hala ere, irailetik urrira prezioak %0,6 garestitu dira, arropenak batez ere, Espainiako Estatistika Erakundeak (INE) emandako datuen arabera.

Hego Euskal Herriko probintzia guztietan jaitsi da inflazioa, baina jaitsiera nabarmenena Nafarroakoa izan da, puntu bat baino handiagoa: %4,4tik %3,3ra.Araban, berriz, %4,7tik %3,8ra jaitsi da, Bizkaian %4,3tik %3,5era eta Gipuzkoan %4,6tik %3,9ra.

Irailetik urrira, aldiz, guztietan igo dira prezioak: Araban %0,9, Bizkaian %0,6, Gipuzkoan %0,7 eta Nafarroan %0,2.

Prezioen bilakaera atalez atal aztertuz gero, nabarmena da petrolioaren prezioaren jaitsiera. Irailetik urrira erregaiari dagozkion prezioak %4,4 jaitsi dira Araban eta Gipuzkoan, %4,8 Bizkaian eta %5 Nafarroan. Erregaien jaitsierak garraio zerbitzuen prezioen jaitsiera ere eragin du.

Prezioen jaitsiera eragin duen bigarren faktore nagusia oinarrizko elikagaien prezioen egonkortzea izan da. Irailetik urrira merkatu egin dira Araban (%0,2), eta oso gutxi garestitu dira gainerako probintzietan: %0,2 Bizkaian eta %0,1 Gipuzkoan eta Nafarroan.

Arropen garestitzea

Irailetik urrira gehien arropa eta oinetakoak garestitu dira, neguko sasoiaren hasieraren eraginez. Hazkundea nabarmena izan da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %10etik gorakoa hiru probintzietan: %14,8 Araban, %10,1 Gipuzkoan eta %10,5 Bizkaian. Nafarroan garestitu dira, baina ez hainbeste: %5,5.

CCOOk apaldu egin nahi izan du petrolioak prezioetan duen eragina. Sindikatuaren esanetan, «gehiegitan» egozten zaio prezioen igoera petrolioari. CCOOk beste aldagai edo sektore batzuen eragina aipatu du: etxebizitza, hezkuntza, ostalaritza eta janariak eta edariak. Horiek guztiak Hego Euskal Herriko batez bestekoa baino gehiago garestitu direla dio.

«Sektore horiek guztiek oinarrizko eta premiazko ondasunak ordezkatzen dituzte», esan du CCOOk. «Sektore espekulatzaileak eta elkartasunik gabeak dira, baina Administrazioak ez du konponbide eraginkorrik eskaintzen prezioei eusteko». CCOOrentzat premiazkoa da barne merkatuko lehiakortasuna hobetzea, elikaduren banaketan eta zerbitzuetan batez ere.

UGTk, berriz, administrazioei eta enpresaburuei eskatu die langileak ez daitezela izan krisia ordaintzen duten bakarrak.

Jose Miguel Vegara Espainiako Ekonomia estatu idazkariaren esanetan, Espainian «baldintza guztiak» betetzen dira urte amaierako inflazioa %3tik beherakoa izateko. Urrikoa %3,6koa izan da bertan. Vegarak espero du sindikatuek aintzat hartuko dutela prezioen jaitsiera datorren urteko soldaten igoerak negoziatzeko orduan.

Hego Euskal Herrian egoera Espainiakoaren antzekoa da: hego Euskal Herrian aurten metatutako inflazioa %2,6koa da, eta Espainian, %2,4koa; iazko azaroan eta abenduan %1,1 igo ziren prezioak, bai Hego Euskal Herrian, bai Espainian. Beraz, pentsatzekoa da bertako inflazioa ere urte amaieran %3 ingurukoa izango dela.





############



%4,412

Euriborra, behera: Europako Banku Zentralak interes tasak jaistea erabaki zuenetik Euriborra behera egiten ari da, baina ez interes tasak adina. Interes tasak %3,25ean daude, baina Euriborra %4,412an zegoen atzo. Hileko batez bestekoa %4,64koa da.

Espainia eta Erresuma Batua, aurreikusi baino okerrago

Espainiako Gobernuak baino aurreikuspen okerragoak egin ditu BBVAk aurtengo urterako eta datorren urterako: BBVAren arabera, Espainiako ekonomia %1,3 haziko da aurten eta -%1 datorren urtean; Espainiako Gobernuak, aldiz, %1,6ko eta %1eko hazkundeak aurreikusi ditu, hurrenez hurren.

Ingalaterrako Bankuak iragarri du, berriz, atzeraldia uste baino gogorragoa eta luzeagoa izango dela Erresuma Batuan. Bankuaren arabera, bertako ekonomiak -%2ko hazkundea izango du 2009ko lehen seihilekoan eta ez du hazkunde positiborik izango urte amaierara arte. Hala ere, erakundeak onartu du zaila dela zehaztea 2009a txarra zenbateraino izango den.

821

Gabonetako gastua: Espainiar bakoitzak, batez beste, 821 euro xahutuko ditu Gabonetako gastuetan, iaz baino ia ehun euro gutxiago, UCE Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Elkartearen arabera. Diru gehiena janaritan gastatuko dute (209 euro), iaz baino gutxiago.





############
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.