1. Nola hasi zen guztia?
2000. urtera egin behar da atzera. Urte hartan burbuila teknologikoa lehertu egin zen AEBetan, eta Erreserba Federalak interes tasak %6,5etik %1era jaitsi zituen denbora gutxian hark eragindako atzeraldiari aurre egiteko. Jaitsiera horren ondorioz, bankuek gutxiago jasotzen zuten interesetan, eta etxebizitzak erosteko mailegu gehiago ematen hasi ziren; esaterako, langabeei, langile pobreei edo iraganean ordaintzeko arazoak izan zituztenei. Subprime edo arrisku handiko hipotekak esaten zaie mailegu horiei.
Ez kobratzeko arriskuaz oharturik, finantza erakundeek beste mailegu batzuekin bildu zituzten, eta titulu gisa saltzen hasi ziren. Etxeen eta hipoteken prezioek igotzen jarraitzen zutenez, ez zen eroslerik falta, eta arriskua salerosle askoren artean banatu zen.
Herritarrek hipotekak ordaindu zituzten artean guztia ongi joan zen. Subprime hipotekak zituztenek hasieran ez zuten interesak ordaindu beharrik, edo haiek osobaxuak ziren. Gerora, ordea, igo egiten ziren. Erreserba Federalak ere interes tasak igotzea erabaki zuen, inflazioari aurre egiteko. Hala, jendea ordaindu ezinik geratu zen, eta orduan hasi ziren komeriak. Herritarrek ez ezik, tituluak erosi zituztenek ere milioika dolar galdu zituzten, kobratu ezinik geratu zirelako.
2. Nola hedatu zen?
Gaur egun finantza merkatuetan ia ez dago mugarik, eta geografikoki oso urrun daudenen artean salerosketak egitea oso ohikoa da. Europako bankuek, inbertsio funtsek eta abarrek erosi zituzten subprime hipotekak, baina ez dago argi nork. Eta, beraz, finantza krisia izugarrizko konfiantza krisi bihurtu da.
Dirua lortzeko ingurukoei eskatu behar izaten diete, baina ez dakitenez ondokoak zenbaterainoko arriskuak hartu dituen, uzkur daude elkarri dirua uzteko. Horrek likidezia falta eragin du, eta baita ekonomia geraraztea ere, inbertsioak egiteko dirurik gabe daudelako.
3. Euriborra
Gaur egun garestiago da beste bankuei dirua erostea, interesak igo egin direlako. Subprime-k eragindako mesfidantzaren eraginez, bankuek oztopo gehiago jartzen dituzte dirua uzteko. Interesak zehazteko orduan, finantza erakundeak euroguneko interes tasetan oinarritzen dira. Eta Europako Bankuen Federazioak, berriz, finantza erakundeek elkarri kobratutako interesen batez bestekoa kalkulatu eta Euriborra finkatzen du.
Interesak igo direnez, Euriborra ere igo egin da. Iazko uztailean %4,564an zegoen hipoteka gehienak kalkulatzeko erreferentziatzat erabiltzen den indizea. Aurtengoan, berriz, %5,393an. Hala, 20 urtean ordaintzeko 160.000 euroko hipotekak hilean 75 euro garestitu dira; 30 urtean ordaintzekoak, 83 euro, eta 50 urtean ordaintzekoak, 96 euro.
4. Faktore gehiago etsai
Ezin da esan AEBetako arrisku handiko hipoteken krisiak eragin duenik Euskal Herriko etxebizitza merkatuaren geldialdia, nahiz eta hark ere zerikusia izan duen. Jende askok erosi du etxea azken urteotan, neurri batean bankuek ere horretan lagundu dutelako. Etxearen prezioaren %100 ere utzi dute maileguan, eta itzultzeko 50 urte ere eman dituzte. Interes tasak ere baxu egon dira, baina denbora gutxian Europako Banku Zentralak bikoiztu egin ditu interesak, %2tik %4ra. Horri nazioarteko berri txarrak gehituz gero, sektorearen motelaldia dator, eta sektorearen motelaldiak langabezia dakar, eta langabeziak kontsumoaren jaitsiera.
5. Berankortasuna
Faktore horiek guztiak kontuan hartuta, zorpetutako familiak eta enpresak arazoak izaten hasi dira maileguak ordaintzeko. Berriki eman dituzte euskal finantza erakundeek urteko lehen sei hilabeteetako emaitzak. Irabaziak izan dituzte batzuek, galerak beste batzuek, baina guztietan berankortasuna igo egin da, eta hori esanguratsua da. Oraindik datuak ez dira oso kezkagarriak, baina Euskadiko Kutxan, kasu, %0,93tik %1,65era igo da sei hilabetean.
'Subprime' 2007kourteko hitz izendatu dute
Joan den uda hasieran inor gutxikezagutzen zuen subprime hitza. Gaur egun, gutxi dira noizbait hura entzun ez dutenak.Dialektoen Amerikako Elkarteak, esate baterako, zein AEBetan ingelesaren azterketaz arduratzen den, 2007ko urteko hitz izendatu du. Arrazoia: finantza sektoreko hitza izan arren, denbora gutxian herritar gehienentzat ohiko hitz bihurtu izana. Arrisku handiko hipotekak hedatu diren bezala hedatu da, eta elkarrizketa asko eta askotan agertu da mundu guztian. Ingelesetik datorren izenondoa da subprime,eta mailegu, hipoteka edo arrisku handiko inbertsioak izendatzeko balio du. Zabor hipotekaereesaten diete mailegu horiei.1 bilioi
Galerak. NDF Nazioarteko Diru Funtsak apirilean jakinarazi zuenez, subprime krisiak bilioi bat dolarren galerak eragingo dizkie finantza erakundeei. «Uste dugu hori izan daitekeela zifra, baina ez gara ari egunero datuak berrikusten», esan zuen NDFko kide batek.%3,25
Interesen jaitsiera. Ekonomia suspertzeko asmoz, joan den irailetik zazpi aldiz jaitsi ditu interes tasak AEBetako Erreserba Federalak, guztira %3,25: %5,25etik %2ra hain zuzen. Aste honetan egindako bileran, interesak %2an mantentzea erabaki du Fed-ek.Finantza krisiaren ondorio nagusiak
AEB-ETATIK MUNDURA2004-2006. AEBetako interes tasak %1etik %5,35era igo ziren. Etxebizitzen merkatuak nozitu zuen gehienbat igoera, eta herritar asko hipotekak ordaindu ezinda geratu zen.
2007ko ekaina. Bear Stearns New Yorkeko bankua izan zen krisiaren finantza arloko lehen biktima. Bere bi funts espekulatibotako inbertsiogileei jakinarazi zien jarritako diruaren parte txiki bat soilik berreskuratu ahal izango zutela.Konpetentziako erakundeek ez ziotela dirurik uzten azaldu zuen.
2007ko uztaila. Subprime krisia ez zela AEBetakoa bakarrik ikusi zen. IKB Alemaniako Industria Bankua izan zen subprime hipoteketan parte hartu zuela aitortu zuen Europako lehen bankua.
2007ko uztailaren 20a. Ber Bernanke Fed-eko buruak lehen aldiz onartu zuen subprime krisiak galerak eragingo zizkiela bankuei.
2007ko abuztuaren 3a. Burtsetan sekulako galerak izan ziren, arrisku handiko hipotekek munduko finantza sistema guztian eragingo zutelako beldurrak jota.
2007ko abuztuaren 9a. Argi geratu zen finantza krisia ez zela ahuntzaren gauerdiko eztula. BNP Paribasek hiru funts bertan behera utzi zituen, subprime merkatua desagertu zela argudiatuta, eta Europako Banku Zentralak 95.000 euro jarri zituen bankuen eskura. Erreserba Federalak eta Japoniako Banku Zentralak ere antzeko neurriak hartu zituzten. Hurrengo egunean mundu guztiko burtsek hondoa jo zuten.
2007ko irailaren 6a. Interes tasak igotzeko asmoan atzera egin zuen EBZk, merkatuen egoera ikusita.
2008ko urtarrilaren 22a. Erreserba Federalak interes tasak %3,50era jaitsi zituen.
2008ko otsailaren 17a. Northern Rock bankua nazionalizatu zuen Erresuma Batuko bankuak, haren akzio guztiak erosita.
2008ko martxoaren 11. EBZk, Fed-ek, Ingalaterrako Bankuak, Suitzako Nazionalak eta Kanadako Bankuak 200.000 milioi dolar merkaturatu zituzten, bankuen likidezia falta arintzeko asmoz.
2008ko martxoaren 16a. JPMorganek Bear Stearns bereganatu zuen, 236 milioi dolar bakarrik ordainduta.
2008ko uztaila.AEBetako Altxorrak Freddie Mac eta Fannie Mae hipoteken birfinantzatze taldeak salbatzeko plana aurkeztu zuen.
Garrantzitsua da herrialde bakoitzak bere mesedetan zer egin jakitea, baina baita elkarrekin kolaboratzea ere»
robert kimmitt
AEBetako Altxorreko idazkariordea
Aitor Beldarrain Ausbank-eko kidea
«Maileguak emateko, lehen eskatzen ez zituzten baldintzak eskatzen dituzte»
M. G. DonostiaAusbank banku erabiltzaileen elkarteko kidea da Aitor Beldarrain. Subprime krisiaren ondorioz Euriborra asko igo arrenezin duela gorantz jarraitu dio, egungo testuinguruak ez duelako horretarako aukerarik ematen.
Iaztik, finantza erakundeek asko gogortu al dituzte hipotekak emateko baldintzak?
Bai, erabat. Duela hiruzpalau urtetik, eskatzen ez zituzten baldintzak eskatzen dituzte; esate baterako, abalak .
Subprime krisiak, besteak beste, Euriborraren igoera eragin du. Aurrerantzean ere gorantz jarraituko duela uste duzu?
Estagflazio egoeran gaude, hau da, inflazioa igotzen ari da eta ekonomia moteltzen. Testuinguru horretan ezin du askoz gehiago igo. Igoera egonez gero, berriz,ikusi egin beharko da zer gertatzen den.
Euriborraren igoerak berankortasunaren igoera ere ekarri du. Berezo batek ordaintzeko zailtasunak dituenean zer prozesu jarraitzen da?
Gehienetan finantza erakundeak bezeroarekin negoziatzen du, eta ordaina atzeratzen da hilabete batzuetan. Kontua hilabete batzuetan ez dela konponduko ikusten badute, orduan ondasunak bahitu eta enkantean ematen dira. Normalean, lauzpabost hilabete pasatzen dira ondasunak bahitu arte.
Finantza erakundeek zergatik dute nahiago bezeroekin negoziatu ondasunekin geratu baino?
Lehenik eta behin, erabilitako etxeak merkatzen ari direlako. Seguruenik, datozen urteetan enkantean ateratzen diren etxeek ez dute ordainduko zorraren zati bat. Demagun bezeroak hipoteka eskatu zuenean etxeak ehun milioi pezeta balio zituela, eta orain 80. Hori enkantera aterata gutxiago irabaziko dute finantza erakundeek, eta ez zaie horrelakorikinteresatzen.
Aurrerantzean berankortasun tasa handitu egingo dela uste duzu?
Merkatu batzuetan doitzeak egongo dira; esaterako, etxe salmentan. Zorionez, hemen zerbitzuek eta industriak dezenteko indarra daukate oraindik, baina motelaldia egongo da, bai. Langabezia %8-9ra igoko da. Etorkinek sufrituko dute gehien, enplegua sor dezaketen sektoreek prestakuntza eskatzen dutelako.