Susperraldia

Ekonomiak hobera egin du, baina arriskuak ez dira desagertu, OCDEren aburuz

Eurogunearen ahuleziari gorabidean dauden herrialdeen hazkundea moteldu izana gehitu zaio azken hilabeteotan

Ivan Santamaria.
2013ko irailaren 3a
11:46
Entzun

Ekonomiaren egoerak hobera egin du, baina oraindik ere susperraldia hondoratzeko arriskuak ez dira desagertu. OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak atera dituen ondorioak dira, egoera makroekonomikoari buruz gaur goizean Parisen aurkeztu duen txostenean. Herrialde aurreratuetan hazkundea indartu da, batez ere AEBetan eta Japonian. Euroguneak, aldiz, atzeraldia gainditzea lortu du, baina oraindik ere hobekuntza "ahula eta hauskorra" du, Pier Carlo Padoan OCDEko idazkariaren albokoaren hitzetan. "Finantza eta banku sistema osorik konpontza ezinbestekoa da", ohartarazi du.
Euroguneko ahulezia hori nazioarteko ekonomiaren buruhauste nagusia izan da azken garaiotan. Orain beste bat gehitu zaio. AEBek jarduera sustatzeko asmoz indarrean jarri dituzten ezohiko laguntzak murrizteko borondatea adierazi dute, eta ondorioak nabaritzen hasi dira gorabidean dauden herrialdeetan. "Kapital irteera handiak izaten ari dira, eta moneta batzuek balio galera indartsua dute. Horrek hazkundea gehiago lehortzeko arriskua du", Padoanen irudiko. Txinak bere geraldia zuzendu duela uste du OCDEk. Aldiz, Indian edo Indonesian arazoak aurreikusi ditu.
OCDEren ustez, garrantzitsuena eskaera eta enplegua bultzatzeko neurriak hartzea da. Hori dela eta, defizita mugatzeko erritmo egokia eskatu du, eta, beharrezkoa balitz, helburuak are gehiago lasaitzea. Berriro ere egiturazko erreformak exijitu dizkie gobernuei, era berean. Nahi dituen erreforma horiek nolakoak diren ere islatzen du Espainiari egindako gomendio zuzena: hitzarmen kolektiboen hedapena erabat baliogabetzea. Hots, sektoreko itunek enpresetan eragin automatikorik ez edukitzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.