Hazkunde ekonomikoaren azterketan eta teorizazioan orain gutxi arte kontuan hartzen ez ziren aldagaiak integratzeagatik lortu dute gaur ekonomiako Nobel saria William Nordhaus eta Paul Romer irakasleek.
William Nordhaus ingurumen ekonomiaren sortzailetzat jotzen da. Kutsadurarekin eta berotegi gasen isuriekin kezkatuta zegoenez, Nordhaus izan zen lehenetakoa hazkunde ekonomikoa ulertzeko ereduetan klima aldaketaren kanpokotasuna integratzen, horretarako fisika, kimika eta ekonomia alorreko emaitza enpirikoak erabiliz. Nordhausek landutako eredu horiek abiapuntu sendoak izan dira klimaren inguruko politikak ezartzeko, hala nola karbono dioxido isurien gaineko zergak eta eskubideak. Gaurko sariarekin, badirudi Nobel sariek keinu bat egin nahi izan dutela klima aldaketaren kontrako politiken alde.
Paul Romer hasi zen ikertzen nola baldintzatzen duten ideia berriek eta berrikuntzak berak hazkunde ekonomikoa, hazkundearen eragile nagusia aurrerapen teknologiko soila zela uste zen garaian. Romerrek bere ereduekin erakutsi du ideiak ez direla ondasun eta zerbitzu arrunten modukoak, eta erakunde publikoek ideia berrien kopurua eta berrikuntza bera baldintzatu ditzaketela, adibidez, euren patente politikekin, epe luzerako bidezko hazkundea bera baldintzatuz.