2013. urtean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomiak atzera egin zuen. Horretan bat datoz neurketa guztiak. Beste kontu bat da, ordea, erorketaren neurria. INE Espainiako Estatistika Erakundeak erkidegoen iazko BPG barne produktu gordinari buruzko lehen kalkulua argitaratu du gaur. Horren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomia %1,9 uzkurtu zen joan den urtean. Nafarroan, berriz, BPGak %1,5 egin zuen atzera zen.
EAEri buruzko datua deigarria da, bereziki. Eustat Euskal Estatistika Erakundeak orain dela aste batzuk jakinarazi zuena baino txarragoa da, nabarmen. Eustaten arabera, 2013. urtean ekonomiak %1,2 egin zuen atzera, batez beste. Alegia, INEk kalkulatu duena baino zazpi hamarren gutxiago. INEk emandako datuari jarraituz, gainera, 2013. urtean atzeraldia 2012an baino sakonagoa izan zen, Eustaten neurketak kontrakoa dioen bitartean. Barne produktu gordinaren neurriari buruzko aldea ere oso adierazgarria da. Eustaten arabera, eurotan, 64.703 milioi dira. INEk, aldiz, 62.780 milioi eurora murriztu du kopuru hori, %3 gutxiago. Azalpen bat erabilitako oinarri ezberdinetan egon liteke. Eustatek 2010. urtean jarri du BPGa kalkulatzeko oinarria, eta INEk 2008. urtekoa erabiltzen jarraitu du.
Nafarroan ere emaitza ezberdinak daude. Nafarroako Estatistika Erakundeak ekonomiaren jaitsiera %1,3 izan zela kalkulatu zuen. INEren arabera, bi hamarren gehiago izan ziren: - %1,5
Biztanleko barne produktu gordina ere argitaratu du INEk. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 29.959 euro da biztanleko BPG, aurreko urtean baino %0,3 gutxiago. Nafarroan 28.358 euro dira: 2012. urtearekin alderatuz, %0,5 gutxiago.