Ekonomiaren osasunari buruz dauden zalantzei beste bat gehitu dio gaur NDF Nazioarteko Diru Funtsak. Hazkunde globalak espero baino indar gutxiago izango duela uste du. Hori dela eta, bi hamarren kendu dizkio joan den urrian barne produktu gordinari buruz egindako kalkuluari, aurkeztu berri dituen aurreikuspen eguneratuetan.
Munduko hazkunde ekonomikoa %3,1 baino ez zen izan iaz, tasarik txikiena finantza krisiak eztanda egin zuenetik. NDFk espero zuen aurten eta heldu den urtean ekonomiak berriro indarra hartzea, baina itxaropen hori mugatu behar izan du. Hala, hazkunde globala 2016an %3,4 eta 2017an %3,6 izango dela ondorioztatu du.
Arazoa ez da mugitu zegoen lekutik. Gorabidean dauden herrialdeetako ekonomien bultzada moteldu da, eta, egoerak hobera egin badu ere, emaitzak ez dira espero bezain onak izango. Multzo horretan alde handiak daude, edonola ere. India eta Asiako ekonomiek, gorantz doazenek, indarrari eutsiko diote, baina Hego Amerikan Brasilen atzeraldia iragarri baino sakonagoa eta luzeagoa izaten ari da. Aurten Brasilgo BPGa %3,5 uzkurtzea espero du funtsak, ia joan den urtean bezainbeste.
Txina, bere bidetik
Mundu osoko merkatuek urte hasiera gatazkatsua izan dute, batez ere, Txinan dagoen egoerari buruzko mesfidantzaren ondorioz. Asiako erraldoiaren eraldaketa ekonomikoak baldintzatzen ditu aurreikuspenak, baina oraingoz lurreratze lasaiaren tesiari eusten dio NDFk. Hau da, Txinak hazkunde txikiagoa izango duela, baina hondoratzetik oso urrun. Urrian egindako kalkuluak ez dituzte aldatu funtseko aztertzaileek: Txina %6,3 haziko da aurten, eta %6 heldu den urtean.
Ekonomia aurreratuei dagokienez, kalkulua hamarren bat murriztu da. AEBen ekonomia izango da indartsuena berriro ere, baina hasieran aurreikusitakoaren azpitik. Eurogunean, berriz, susperraldiak pixkanaka hedatzen jarraituko du, eta ekonomiak %1,7 egingo du aurrera datozen bi urteetan.
Lau arrisku
“Ziurgabetasun handia dago, eta horrek ezegonkortasunari laguntzen dio”, Maurice Obstfeld NDFko kontseilari ekonomikoaren ustez. Munduko ekonomian hainbat doikuntza gertatzen ari dira aldi berean. Horrek okerrera egiteko arrisku esanguratsuak eragiten ditu.
Lau dauzka identifikatuta funtsak. Lehenik eta behin, Txinako geldialdia espero baino gogorragoa izatea. Bigarrenik, dolarraren indartzea azkartzea eta horrek finantzaketa arazoak sortzea emergenteetan. Hirugarrenik, merkatuek arriskuari bizkarra ematearen ondorioz tentsioak handitzea. Eta, azkenik, arazo geopolitikoen itzala handitzea. Azken hori NDFren txosten guztietan errepikatzen den kezka da.
Petrolioaren jaitsierari ez zaiola berehala buelta emango azpimarratu du NDFk. Horrek ondorio mesedegarriak eta kaltegarriak izan ditzake ekonomiarentzat. Batetik, larri dabiltzan herrialde ekoizleen egoera gogortuko da. Bestetik, inportatzen duten herrialdeetan eskaera handitzea posible da, erregaiak luzaroan merke jarraituko duen usteak lagunduta.
NDFren aburuz, hazkundea igotzeko neurriak hartzea beharrezkoa da, ekonomiaren moteltzea luzatzeko arriskuari aurre egiteko. Ekonomia aurreratuei enpleguan parte hartzea handitzeko eta enplegu maila igotzeko erreformak eskatu dizkie, eta sektore pribatuaren gainzorpetzea konpontzeko neurriak. Gorabidean dauden herrialdeei, berriz, hazkunde iturri berrietara jotzeko galdegin die.