Kutxetako ordezkariek BERRIAri esan diote ez dutela Espainiako Bankuaren inolako jakinarazpenik, eta noiz etor daitekeen ere ez dakite. Alabaina 'El Mundo' egunkariak iragarri du Kutxabankek kontrolari eusteko aukera izango dutela BBK-k, Kutxak eta Vitalek.
Espainiako legeak erreserba funts bat osatzera behartzen ditu banku baten akzioen %50etik gora dituzten banku-fundazioak, burtsarako bidea itxita edo mugatuta dutenez, kapital berriaren balizko beharra estali ahal izateko.
Hori horrela, bat ala hiru galderaren erantzunak baldintzatuko du Kutxabanken hurrengo urteotako bilakaera. Espainiako Bankuak uste badu haren hiru akziodunak, praktikan, akziodun bakarra direla, orduan zailagoa izango dute bankuaren jabetza osoari eustea. Izan ere, erabakitzen badu hiruak batera doazela, 700 milioi euroko erreserba funts bat osatu beharko lukete bost urteko epean.
Kopuru horrek Kutxabanken irabazi guztiak xurgatuko lituzke, eta ez luke dirurik utziko gizarte ekintzarako.Txikiagoa izango litzateke erreserba funts hori banku-fundazio bakoitza bere kasara doala onartuz gero; kasu horretan, BBKri soilik legokioke funtsa osatzea, hark soilik gainditzen badu erreserba hori egiteko legeak finkatu duen akzioen %50en muga. Kutxabanken akzioen %57 ditu BBK-k, %32 Kutxak eta %11 Vitalek.
BBK, Kutxa eta Vital Kutxaren alegazioak ontzat hartu eta bakoitza bere aldetik aritzen dela onartuz gero, berriz, akziorik ez saltzeko edo gutxiago saltzeko aukerak zabalduko dira.